Aloñara egingo dute ume eta familientzako denboraldiko aurreneko mendi irteera

Barren 2025ko urr. 20a, 18:17

Gorgomendi edo Aloña izenez ezagutzen den tontorra. Arg: Julen Gesalaga / mendiak.eus

Domekan hasiko dute Morkaiko mendi taldeak herriko ikastetxeekin batera antolatzen duen mendi irteeren denboraldi berria.

Irteerak Morkaikok eta Herri Eskolako zein Ikastolako gurasoen artean antolatzen dituzte, elkarlanean. Jakinarazi dutenez, zortzi irteera prestatu dituzte 2025-2026 ikasturterako. Aloña mendira izango da aurrenekoa, urriaren 26an. Arantzazuko aparkalekutik hasiko dute ibilaldia. Duruko zelaietarantz joko dute, handik Aloñarako pista hartu eta tontorreraino arteko bidea egiteko, "poliki-poliki altuera irabaziz", zehaztu dutenez. Urteko ibilbide luzeena eta menditsuena duen irteera izabagatik, mendian "pixka bat" ibiltzera ohituta dagoen edozein haur edo nagusik egiteko modukoa dela uste dute. Igotako bidetik jeitsiko dira Aloñatik, eta eguerdirako Arantzazun bueltan egotea aurreikusten dute.

Aloña mendilerroa Gipuzkoako hego-mendebaldean dago, Oñati udalerriaren hego-ekialdean. Debagoiena eskualdeko mendirik garaienak daude mendilerro horretan, horien artean Gorgomendi edo Aloña izenez ezagutzen den tontorra, 1.244 metroko garaiera duena. Artzanburu (1365 m.), Buetraitz (1320 m.) eta Arkaitz (1.312 m.) dira mendilerroko tontor nagusiak edo garaienak, baina Gorgomendi da tontorrik ikusgarriena, Oñati gaineko erpina delako eta gurutze ezaguna duelako gailurrean.

Irteera guztietan moduan, joan nahi dutenek 09:30erako agertu beharko dute Mintxetako aparkalekura. Eguraldi txarragatik abisu edo alertarik emanda balego, irteera bertan behera geldituko da.

Hona 2025-2026 ikasturterako mendi irteeren egutegia: