Elkarrizketa

Naiara Martin: “Pertsonalki eta profesionalki garatzeko aukera eman dit Atxutxiamaikak, eta oso eskertuta nago”

Ainhoa Andonegi 2025ko urr. 17a, 13:40

Naiara Martin (Elgoibar, 1982) Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika Aisialdi Sailari lotuta ezagutzen dugu Elgoibarren. 30 urte bete berri ditu aisialdi taldeak, eta Martinek 20 bat urte eman ditu bertan. Atxutxiamaikaren alor guztiak ezagutu ditu: umetan, erabiltzaile izan zen; gerora, begirale; koordinatzaile postua hartu zuen gero, eta azken urteetan saileko arduraduna izan da. Orain, lana utziko du, eta guraso ikuspegitik biziko du aurrerantzean Atxutxiamaika.

Oinherri herri hezitzaileen elkartean hasi da lanean, eta urte amaieran lagako du Elgoibarko Izarra. Ander Osoro eta Ane Martinez izango dira aurrerantzean Atxutxiamaikako arduradunak.

Noiz eta nola iritsi zinen Atxutxiamaika aisialdi taldera?
2000. urtean begirale ikastaroa egin nuen Urtxintxa aisialdi elkartearekin, eta 2001. urtean hasi nintzen Atxutxiamaikan begirale, gaur egun hezitzaile lana izango litzatekeen lanean. Orduan oso desberdina zen dena, eta egiten genuen lan gehiena kobratu gabekoa zen. Arreta zuzeneko lana bakarrik ordaintzen zen orduan. Normala zen gainera guretzat kontraturik gabe eta kobratu gabe lan egitea. Oso oroitzapen ona daukat
garai hartaz. Nire zaletasun eta ezinegon berberak zituen jendea ezagutu nuen, eta nire betiko kuadrillatik kanpora ere lagunak egin nituen. Oso harreman ona geneukan gure artean. Saileko zuzendari bat zegoela gogoratzen dut, eta haren azpitik bluntario lan egiten zuten koordinatzaileak. Gu begiraleak ginen, eta taberna baten biltzen ginen umeekin zer egingo genuen erabakitzeko. Bakoitzaren borondatearen araberako lana egiten genuen, eta esango nuke borondate handia geneukala. Ordu pila bat sartzen genituen, eta ez zitzaigun inporta ez kobratzea. Han egon nahi genuen, Atxutxiamaikako parte izan nahi genuen eta pozik egiten genuen lan.

20 urte baino gehiago pasatu dira ordutik. Zeintzuk ziren orduan Elgoibarrek zituen aisialdi beharrak? Zein zen Atxutxiamaikaren egitekoa?
Aisialdia euskaraz eskaintzea zen gure helburua, eta euskara zen gure balio erantsia. Euskaraz kalera irtetea zen gure egitekoa, eta esango nuke gaur egun baino gehiago irteten ginela plazara umeekin. Udaleku irekiak ere eskaintzen genituen, ordu hartan bost astez, baina desberdinak ziren. Herri Eskolako geletan egoten ginen gehienbat. Desberdina zen egoera. Guk umeentzako ekintzak prestatzen genituen, baina umeekin kontrastatu gabe. Gurasoekin ere ez geneukan gertuko harremanik, baina arazorik ere ez, egia esan. Atxutxiamaika begi onez ikusi izan du beti herriak, eta oro har, ondo hartu izan gaituzte beti. Umeek ondo pasatzeko gune bezala ikusi izan gaituzte. Esperientzia txarren batzuk ere izan ditugu, baina gutxi izan dira, eta nire ustez esperientzia horietatik ere ikasi egiten da.

Begirale izatetik arduradun izatera iritsi zinen.
Atxutxiamaikaren etapa guztiak ezagutu ditut. Ume nintzela ere Atxutxiamaikako erabiltzailea izan nintzen, gero begirale. Handik urte batzutara koordinatzaile lana eskaini zidaten, eta bost bat begiraleko lantaldea koordinatzen hasi nintzen. Lan hori ere ez genuen kobratzen, baina ez zuen inork zalantzan jartzen. Gaur egun hori pentsaezina da. Mutur batetik bestera pasatu gara, eta asko galdu dugula iruditzen zait. Gizarteak ez du asmatu militantzia eta profesionaltasunaren arteko oreka mantentzen, eta ondorioz, alde pedagogikotik irabazi egin dugu, baina alde humanoa, galdu da. Badakit ministerioak eskatzen duela dena kontratupean egitea, eta gauzak ondo egin behar direla, baina Atxutxiamaika enpresa bihutu da.
2004an euskara errefortzuak ematen hasi ginen, euskaraz hitz egiteko zailtasunak zituzten umeei, baina orduan ez zegoen apenas migraziorik, eta hemen jaio arren euskaraz hitz egiteko zailtasunak zituzten umeei ematen genizkien saioak. Pilar ikastetxeko geletan ematen genituen saioak. Kiribil eta Kuadrillategi egitasmoetan ere ibilitakoa naiz, udalekuetan... 2006an Gazte Informazio Gunearen ardura hartu nuen, eta hori izan zen ordainpeko nire lehenengo lana Elgoibarko Izarran. 2007an Ludoteka eta Gaztelekuaren kudeaketa hartu zuen Elgoibarko Izarrak, eta Gazte Informazio Guneko lanaz gain, koordinatzaile lanean hasi nintzen. Lan jardun luzeagoa eskaini zidaten, eta lan baldintza duinagoetan hasi nintzen lanean.

Aisialdi beharrei erreparatuta, nola aldatu da Elgoibar urte hauetan guztietan eta nola eboluzionatu du Atxutxiamaikak behar horiei erantzuteko?
Aisialdi eskaintza izugarri ugaritu da. Lehenengo aldaketa handiena 2007an etorri zen, Ludoteka eta Gaztelekuaren sorrerarekin. Horrek eragin zuen Atxutxiamaikako Gaz-T proiektuaren amaiera, eta lan batzuk bi ekipamendu horien esku laga genituen. Horrez gain, kirol klubak eta baita kirol patronatua ere hasi ziren udalekuak antolatzen, gero Aste Santuan, Gabonetan ekintzak antolatzen hasi ziren... Eta gaur egun denetariko aisialdi eskaintza dago Elgoibarren urte osoan. Zorionez, eskaintza gehiena euskaraz da, beraz, Atxutxiamaikaren egitekoa birplanteatu behar izan dugu. Konpetentzia horrek etengabeko berrikuntza eskatu digu, eta pedagogikoki oso ondo etorri zaigu, garatzeko aukera eman digulako. Baina aldi berean etengabeko eraldatze prozesuan bizitzea nekeza da. Gure sektorea gainera oso prekarioa da. Dirulaguntzen menpe bizi gara, eta lan baldintzak ez dira onak. Ondorioz, lantalde egonkorra lortzeko zailtasunak ditugu, hona iristen diren langile askok hezkuntza dutelako jomugan. Modu horretan lan egitea zaila da, eta askotan ezin izaten dugu nahi dugun guztia egin.

Zeintzuk dira gaur egun Atxutxiamaikaren baloreak?
Eboluzionatzen joan den moduan, aldatu izan ditugu gure baloreak, baina betiere, ondo hausnartuta: Euskalduntasuna lantzen dugu, euskaldun izatearen kontzientzia. Hizkuntza erabiltzeaz harago, hizkuntza eta kultura maitatzen erakustea dugu helburu. Parte-hartzea da bigarren balioa, eta umeentzako antolatu beharrean, umeekin eurekin antolatzen saiatzen gara, haien iritziak kontuan hartuta. Inklusioa ere lantzen dugu, bere zentzu zabalean. Askotariko pertsonak ditugu inguruan, bai fisikoki, intelektualki, sozioekonomikoki... Horiek guztiak barne hartzen saiatzen gara, oreka bilatuz eta aukera desberdinak emanez. Dena lortzea zaila da, baina saiatzen gara gure borondate onenarekin desberdintasunak sahiestu eta aukera berdinak eskaintzen denei. Naturarekiko atxikimendua ere lantzen dugu, eta natura ezagutzen eta zaintzen saiatzen gara. Pedagogia feministak ere kontuan hartzen ditugu, eta saiatzen gara botere harremanak ematen diren egoerak identifikatzen eta sahiesten, zapalkuntza edozein delarik ere: arrazakeria, klasismoa, elitismoa... Herrigintza ere aipatu nahi nuke baloreen artean. Eragile askorekin egiten dugu lan, eta nire ustez elkarlanean egiten diren proiektuak askoz aberasgarriagoak dira. Eragile askori eskatzen diogu elkarlanerako laguntza, eta denek erantzuten dute primeran. Elgoibarren jendea oso jatorra eta lanerako prest egoten da beti. Horiek dira gutxi gorabehera gure baloreak, eta saiatzen gara umeei erakusten beste modu bateko harremanak izaten, gure txikitasunetik. Hala ere, nik esango nuke gure erabiltzaileen gurasoen %95arentzat kontziliaziorako tresna dela Atxutxiamaika, eta %5ak soilik begiratzen diela gure baloreei, baina ebidentziek erakutsi didate guk egindakoak uste duguna baino eragin handiagoa daukala pertsonengan.

Zer eman dizu Atxutxiamaikak, eta, zer eman diozu zuk?
Niretzako Atxutxiamaika bizitzeko modu bat izan da. Eman dit aukera beste ni bat sortzeko, euskara beste modu batean sentitzeko, euskaraz bizitzeko. Lagun berriak eman dizkit, lagun onak. Hasierako etapa hura sekulako deskubrimendua izan zen niretzat: Lan kontuez gain, mendira joaten ginen elkarrekin, parrandara... Gerora, profesionalki eta pertsonalki garatzeko aukera handia eman dit. Pedagogia ikasketak egin nituen, eta Atxutximaikan egon naizen bitartean hezkuntzari eta aisialdiari lotutako formazio asko egin ditut. Asko zor diot Atxutxiamaikari eta oso eskertuta nago, pertsonalki eta profesionalki garatzeko aukera eman dit, eta nik ere nire onena eman diot. Baina aldaketa behar nuen, eta uste dut proiektuari ere freskotasuna ondo etorriko zaiola. Hemendik aurrera Atxutxiamaikako guraso izango naiz, eta agian izango naiz ama petarda horietako bat. Zaila egingo zait Atxutxiamaikatik distantzia hartzea, urte asko egin ditudalako barruan, eta orain kanpotik seguru ikusiko ditudala gustatzen ez zaizkidan gauzak. Horrek ez du esan nahi gaizki egongo direnik; azken batean bakoitzak bere egiteko modua dauka.

Aisialdi eskaintza gero eta zabalagoa da, eta umeak gero eta gutxiago dira. Zein izango da zure ustez aurrerantzean Atxutxiamaikaren egitekoa?
Aisialdia esparru guztietara zabaldu da Elgoibarren, eta gehienek euskaraz eskaintzen dute, baina horrek ez du esan nahi euskara sustatzen dutenik, eta nik uste dut eragile horiek pausu hori eman beharko luketela. Hortan laguntzen ikusten dut nik Atxutxiamaika, egiten baino gehiago, eragiten. Elkarte asko daude herrian egiten, eta guk egiteari lagata, eragiteko daukagu gehiago. Harrotasunez esango dut aisialdian Atxutxiamaikak bide bat zabaldu duela, eta elkarte askori zabaldu diegula bidea, baina guk beste zerbait egin behar dugu. Beste esparru batzuetan sartu behar da Atxutxiamaika hemendik aurrera. Adibidez, eskoletan. Lehen ere kudeatzen zituzten ikastetxeek euskara batzordeak DBHn, eta azken urtean gu ere hasi gara horretan, barrutik eragiten. Xaxatzaile figura ere sortu genuen txikien artean Euskaraldirako, eta oso ondo funtzionatu zuen. Zeharka baino, zuzenean eragin behar du Atxutxiamaikak ume, guraso, irakasle edota hezitzaileen euskalduntasunean. Etorri berriekin ere landu behar da euskalduntasuna, harrera plan modukoak eginez. Gaur egungo migrazio fluxu horretan ere lan handia dago euskalduntasuna lantzeko, familien arteko kultur transmisioan ere etena egon dela uste dut eta hor ere badaukagu zeregina. Etxeko transmisioa landu behar da, eta horretarako baliabideak emateko beharra ere badago. Urteetan eskuratutako ezagutza zabaldu behar du Atxutxiamaikak, beste eragileek ere euskalduntasuna landu dezaten.

Atxutxiamaikatik Oinherrira zoaz. Zer da Oinherri?
Oinherri da herri hezitzaileen sarea. 50 udal bazkide eta 17 bazkide sustatzaile ditu, tartean Atxutxiamaika. Oinherriren egitekoa da herri hezitzaileen filosofia zabaltzea, eta zazpi lan ildo ditu, Atxutxiamaikak dituenen oso antzerakoak. Nazio ikuspegia dauka, eta Oinherrik ulertzen du herria dela hezkuntzarako testuinguru, eduki eta eragile. Bere zereginen artean, Administrazioa, hezkuntza formala eta ez formala elkar-lotzeko sareak sortzea da bere egitekoa, eta baita aisialdian ikuspegi feminista txertatzea. Monografikoak ere sortzen ditugu, hezitzaileek baliabideak izan ditzaten. Adibidez,
"nola landu sexualitatea hezitzaileon egunerokoan" liburuxka izan da sortu dugun azkena.

Ikuspegi feminista du Oinherrik oinarrietako bat, eta hain justu ere, esparru horretatik etorri da udalekuei lotutako azken polemika. Euskal Udalekuen barruan Bernedoko aterpetxeko begiraleen jokabidea salatu dute hainbat gurasok.
Udalekuak proiektu hezitzaileak dira, eta ez daukat inolako zalantzarik Euskal Udalekuen jardunean. Beraien balioak dituzte, eta seguru nago hango hezitzaileek duten onena ematen dutela. Iruditzen zait gurasoak eta hezkuntzako eragileak elkarrengandik oso urrun gaudela, eta umeekin lan egiten dugunok gurasoekin lanketa handiagoa egin beharko genukeela. Hezitzaileok askotan gurasoak ez ditugu ikusten umeen ekosistemako
parte garrantzitsu bezala, eta nire kasuan guraso izateak nire lanerako ere balio izan dit. Nire guraso izaerak Atxutxiamaikari onera eragin diola uste dut, eta niri lagundu dit hezitzaile ikuspegitik gurasoak
beste modu batera ikusten. Ganditu beharreko erronka daukagu aspektu horretan, eta Bernedon gertatu denak aukera eman beharko luke hezkuntzako profesionalen eta gurasoen arteko distantzia txikitzeko. Harreman osasuntsuagoa behar dugu, eta ulertu behar dugu bata bestearen osagarri garela. Umeek esparru desberdinetan hartzen dute parte, eta esparru guzti horien emaitzak egiten du pertsona. Udalekuak dira esparru
horietako bat, eta nik ehuneko ehunean defendatzen dut udalekuen izaera. Umeei laguntzen die harremantzen, heldutasuna lantzen, beste bizitzeko modu bat eskaintzen diete... Gertakari honetatik ere ikasi egin behar dugu, eta komunitatea sendotzeko baliatu behar dugu.

Atxutxiamaikako aurpegi berriak

Ander Osoro elgoibartarra eta Ane Martinez durangarra izango dira aurrerantzean Atxutxiamaikako arduradunak. Bi urteko baimenaren ostean itzuli da Osoro lanera, eta indarberrituta etorri da. Naiara Martinek
lana lagako zuela esan zionean urduri jarri zen, baina dagoeneko eman dio buelta egoerari. Lankide berria ezagutzeko irrikitan zegoen, eta Ane Martinez irailean iritsi zen Atxutxiamaikara. 23 urte ditu eta oso
aisialdi zalea izan dela azaldu du. Kirolaria da, euskalduna eta aisialdia bizi du. Ez du Elgoibar ezagutzen, eta horretan dihardu orain, herria eta herritarrak ezagutzen, barrutik eragin ahal izateko.
Gogotsu eta ilusioz daude biak, Atxutxiamaikaren proiektuekin aurrera egiteko. Bien artean banatu dituzte ardurak, eta bakoitzak bere proiektuak kudeatuko ditu.
Anderrek hartu ditu aisialdia eta kulturari dagozkion egitasmoak, eta Anek, berriz, Euskara Sailari lotutakoak. Zeregin horietan laguntzeko hiru hezitzaile dituzte: Maddi Arrieta, Andrea Beraza eta Malen Alkorta. Atxutxiamaika eta Elgoibarko Izarra elkartea bera ere inflexio puntu batean daude, eta une honetan ez dute epe luzera begiratzen. Momentuz urte amaierara arteko zereginak zehaztu dituzte, eta pausoz pauso aurrera egiteko asmoa dute. Orain, Gaba Beltza antolatzen ari dira buru-belarri. Urriaren 31n izango da.