'Maspalomas' euskarazko filma emango dute Elgoibarren datozen hiru egunetan

Barren 2025ko urr. 17a, 09:01

Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Maspalomas filma ikusteko aukera izango da asteburuan Elgoibarko Herriko Antzokian.

Kanarietan libre bizitzetik Donostiako zahar etxe batera itzuli den adineko homosexual bat da filmeko protagonista nagusia, Bixente, eta Jose Ramon Soroiz aktoreak (Legorretan, 1951) gorpuzten du, telebistan Bi eta bat, Jaun eta jabe, eta Martin telesailetan ezaguna egin zenak eta gerora beste dozenaka proiektutan aritu denak.  

Filmean egindako lanagatik aktore onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen Soroizek Donostiako Zinemaldian. Maspalomas filma ere saritu zuten Donostiako Zinemaldian. Sebastiane saria jaso zuen. LGTBIQ+ kolektiboak biltzen dituen errealitateak eta balioak hoberen islatzen dituen filma edo dokumentala saritzen dute 2000. urteaz geroztik ematen duten sari horretan.

'Maspalomas' (Euskaraz, gaztelaniazko azpitituluekin)

  • 18 zapatua: 19:00 / 22:15
  • 19 domeka: 19:00
  • 20 astelehena: 21:00