Txapela Brava taldearen kontzertuak eta Track DJ ibiltariak girotuko dute Kintoen Eguneko ospakizuna

Barren 2025ko urr. 15a, 17:23

Txapela Brava musika taldekoek kontzertua emango dute Elgoibarko Kintoen Egunean.

Kintoen Eguna antolatu du Aizu Ostalarien elkarteak, Udalaren laguntzaz, urriaren 18rako.

2018an ospatu zuten estreinakoz Kintoen Eguna Elgoibarren, eta pandemiako urteetako etenaren ondotik 2023an berriro antolatu zuten ospakizuna, Udalaren laguntzarekin. Kintoek bazkariak egin ohi dituzte egun honetan, taldeka, eta azken urteoetan beti izan da kontzerturen bat ere kalean.

Zapatuan, urriaren 18an, egingo dute aurtengo ospakizuna; eta, batetik, Track DJ ibiltaria ekarriko dute, elektrotxaranga modukoa. Lekuederren hasi eta tabernaz taberna arituko dira kaleak eta plazak girotzen, 20:15etik 22:15era bitartean. Honako ibilbidea osatuko dute: Tantaka, Kalegoen plaza, Gabi jatetxea, King-Kong eta Maala.

Bestetik, 22:30etik aurrera, Txapela Brava taldekoek kontzertua emango dute Maalako parkean.