Abian dira kirol egokituko jardueren eta Planak Kuadrillan egitasmoen ikasturteak

Barren 2025ko urr. 8a, 13:30

Asteon hasi dituzte aniztasun funtzionala duten haur eta gazteentzako jarduera fisiko egokituen programa eta Planak Kuadrillan izeneko egitasmoak. 

Bi ekimen horiek inklusioa, kirola eta aisialdi osasuntsua uztartzen dituzte, eta urtez urte parte hartzaileen kopuruak gora egin duela azpimarratu dute sustatzaileek. Eskola Kirol Egokitua (EKE) programa Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak koordinatzen du, eta Elgoibarko Udalarekin elkarlanean gauzatzen dute. Jarduera fisikoaren eta kirolaren bidez, dibertsitate funtzionala duten haur eta gazteei aukera eskaintzen diete eskola-orduetatik kanpo kirol jardueretan parte hartzeko, partaideen garapen pertsonala eta soziala sustatuz. Elgoibarren astean behin egiten dituzte saioak, martitzenetan, IES Elgoibar BH institutuko gimnasioan. Bi taldetan banatuta aritzen dira: Lehen Hezkuntzako ikaslez osatutakoa 17:00etan; eta, DBHtik aurrerakoak 18:00etan. Programa honetan 6 eta 21 urte bitarteko haur eta gazteek parte har dezakete, eta izena emateko interesa dutenek Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin jarri daitezke harremanetan: multikirola@gkef-fgda.org / 943 462 514. 

Planak Kuadrillan egitasmoa

Era berean, Nuala Elkarteak Udalaren laguntzaz sustatzen duen Planak Kuadrillan egitasmoa ere abian da. Azaldu dutenez, ekimen honen helburua da 16 urtetik gorako gazteek, dibertsitate funtzionala izan ala ez, lagunarteko jarduerak elkarrekin partekatzea eta adin berekoen arteko harremanak sustatzea. Urtean zehar, hilean bitan elkartzen dira zapatuetan, eta udan astean hirutan, hainbat jarduera eginez: irteerak, tailerrak, merendolak eta tokiko ekitaldietan parte-hartzea. Parte hartu nahi dutenek Nuala Elkartearen webgunean edo posta elektroniko bidez (info@nualaelkartea.eus) eman dezakete izena.

Askari baten bueltan hasi zuten ikasturtea atzo.