Haritz Euskal Dantzari Taldekoek dantzatu duten ezpata-dantzarekin hasi dute ekitaldi ofiziala, eta Ainhoa Lendinezek, ikastolako ikasle izandakoak, egin ditu aurkezpen-lanak. Ikasle garaiko oroitzapenak partekatu ditu Lendinezek areto bete lagunen artean eta Olatz Astigarraga Ikastolako lehendakariak hartu du gero hitza, Ikastolako komunitate osoari eskerrak emateko eta Kilometroak euskara, elkarlana eta identitatea sustatzeko prozesu baten erakusleiho izateko jaia dela gogorarazteko. Agintariak ere izan dira, jakina, ekitaldi ofizialean. Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateaz gain, Begoña Pedrosa Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua eta Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusia ere ekitaldian izan dira, Ikastolaren proiektua babesten, bai eta Aitor Elizaran Kilometroak kultur elkarteko lehendakaria ere. Instituzioetako ordezkarien aurkezpen hitzen ondotik, Eneko Beretxinagaren letrekin eta Aitor Novak konposatutako melodiarekin sortutako kantua dantzatu du ikastolako ume talde batek.
Eta dantzaren ondotik, Ikastolan bildutako jende multzo guztiak Aita Agirre plazarako bidea hartu du. Leku horixe aukeratu baitute gaur Maritxu Loiola Aubixa baserri-aterpetxeko arduraduna, Aspanogi elkartea eta D.Y.A. omentzeko, ikastolaren hastapenak hantxe izan zirelako
Aubixa baserrian urte luzez jardun da lanean Maritxu Loiola, 1962an Elgoibar Ikastolaren sorrera amestu zutenek izan zuten helburu berarekin: "Euskararen berpizkundea, arnasa eta bizia; elkarlana eta konpromisoa; ilusioz pentsatutako eta bihotzez gauzatutako proiektuak". Eta hori guztia irribarre batekin eta inguruarekin eskuzabal izanda egin du Loiolak. Ez da esan bezala gaurko omendu bakarra izan, hala ere. Minbizidun haurrei eta haien familiei laguntzeko sortu zuten Aspanogi elkarteak ere jaso du Ikastolako komunitatearen aitortza, bere 30. urtemugan. Aspanogiren babesa jaso dutenen artean, Amaia Arregi elgoibartarrak hitz egin du, minbizia gainditu duen ikastolako ume baten amak.
Eguneko bi ekitaldi ofizialen ondotik, jaia hasi da, eta horixe da momentu honetan Elgoibarren daukaguna. Dozenaka ekitaldi, eta jendea. Eguraldiak ere atertzera egin du, eta beraz, aitzakiarik ez dago Kilometroak jaiaz gozatzeko.
Egunak aurrera egin ahala joango gara argazkia argazki eta bideoz osatzen.