Ikastolen ekarpenaz hitz egiten denean, hamarkadetan zehar egindako ibilbideari begiratzen zaio sarri, baina guk orainari begiratu nahi diogu, orainari eta etorkizunari. Begirada etorkizunean jarrita, elkartasuna, konpromisoa, inplikazio soziala eta euskara hartu ditugu datozen urteetarako gure ibilbidearen oinarri. Eta oinarri horiek sendotu nahian ekin genion, hain zuzen ere, 2024ko irailean Kilometroak jaia antolatzeari. Kilometroen harira, bi helburu nagusi finkatu genituen: Ikastolaren komunitatea sendotzea eta euskararen erabileran urrats bat ematea. Kilometroak jaia antolatzeko aukera gure herrian eragiteko baliatu nahi izan dugu, herri mugimendu gisa, elkarlana eta euskararen erabilera areagotzeko lan eginez. Elkarlanak ardatza izan behar du gurea bezalako herri ekimen batean, eta zentzu horretan, gure arteko lankidetza ikusten dugu. Elkarlan horren isla izan da urte osoan zehar egindako lana, hamaika lan-taldetan bilduta aritu gara ehundaka guraso, ikasle, langile eta herritar lanean, eta halaxe arituko gara 1.000 lagunetik gora baita urriaren 5ean ere.
Eta bigarren helburua, nola ez, euskararena. Herrigintzaren eta euskalgintzaren agente aktibo izan nahi du Ikastolak, gure komunitatea (bai Ikastola eta bai herria bera) euskalduntzeko lanean jarraitu nahi dugu. Ikastolaren komunitateko kide diren ehundik gora helduk hartu dute euskararen alde egiteko eta ekiteko konpromisoa. Dagoeneko euskaraz bizi direnek euskarari eusteko konpromisoa hartu dute eta euskaraz gehiago eta gehiagorekin egin nahi dutenek ahalik eta gehienetan euskarara salto egiteko konpromisoa. Izan ere, Ikastolako familien artean gehien-gehienok badakigu euskaraz, baina askok diogu euskaraz gehiago egin nahiko genukeela. Badakigu hizkuntza ohiturak ez direla egun batetik bestera aldatzen eta herritarren kooperazioa dela hizkuntza biziberritzeko gakoa. Horregatik eman diogu garrantzi berezia taldean konpromisoak hartzeari, taldean sentitu dezakegun babesa ezinbestekoa izango delako, elkarri soka luzatuta, euskarara salto egiteko.
Dena dela, Kilometroak 25 jaiari lotuta landu ditugun helburuak ez dira urriaren 5ean amaituko, aurrerapauso garrantzitsuak eman ditugun arren, oraindik ere bide luzea baitaukagu egiteko. Hori bai, helburuak argi izateak datozen urteetan ere norabide horretan lan egiten lagunduko digu, gure seme-alaben etorkizuna ez ezik, gure, herri honen oraina ere jokoan daukagulako. Beraz, eman soka elkarri eta, lanak lan, gozatu urriaren 5eko jaiaz!