Elgoibarren egingo dute Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarra

Barren 2025ko urr. 1a, 16:25

Euskal Mendizale Federazioaren mendeurreneko ekitaldia egin zuten iaz, Elgetan, eta han eratu zuten 'Euskal Herriko Mendi Biltzarra'. 

Mendi federazioen arteko lankidetza iraunkorrerako organo bateratua da Mendi Biltzarra, Euskal Mendizale Federazioaren (EMF-FVM) eta Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundearen (MEKNF) artekoa. Zigor Egia EMFko presidenteak Elgetan azaldutakoaren arabera, harremanak estutzeko eta lankidetza sendotzeko sortu zuten Mendi Biltzarra. "Autonomia Erkidegoen banaketa dela-eta, ezin gara modu ofizialean federazio bakarra izan, eta, hori horrela Euskal Herriko Mendi Biltzarra sortu dugu. Gure organo bateratua izango da".

Harrezgero birritan batu da Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarreko Zuzendaritza Batzordea: Aiara bailarako Ozeka herrian lehenik, eta Nafarroako Egillor herrian gero. Elgoibarrek hartuko du hirugarren bilera, zapatu honetan. Idotorbera igoko dira lehenik, eta Lizagasarren egingo dute gero batzarra. Besteak beste, amankomunean dituzten lehiaketa-diziplinen errepasoa egingo dute eta mendizaletasuna sustatzeko hainbat jarduera aztertu.
Iratxe Osoro elgoibartarra da Zuzendaritza Batzordea osatzen duten zortzi lagunetako bat. Honakoak dira gainerakoak: Martin Montañes, Koldo Aldaz, Antonio Ortega, Ricardo Hernani, Miren Eizmendi,  Zigor Egia eta Julio Martinez.

Mendizaleen Biltzarrak Federazioen arteko batasuna eta mendizaletasunaren aldeko konpromiso partekatua irudikatzen duten ekimenak ere egin ditu iaztik hona. Esaterako plaka berriak ipini zituzten Elorriako (Arrabako kanpadetan, Gorbeiako Parke Naturala), Belaguako (Nafarroako Pirinioan) eta Elorria–Arrabako (Bizkaian) aterpe zainduetan. 

Mendi Biltzarraren plaka Arrabako aterpean jarri zuten ekainean.