Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiko filmak, Meka Lanbide Eskolan

Barren 2025ko ira. 30a, 16:18

Meka Lanbide Eskolak bat egin du Bilboko Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiarekin lotutako Film Sozialak ekimenarekin, eta horri esker ikasleek 24 film labur ikusteko aukera izango dute ikastetxetik mugitu gabe.

Gai sozialak jorratzen dituzten ikus-entzunezko nazioarteko lanei lekua egiteko eta bozgorailurik ez dutenen errealitatea islatzeko helburuarekin sortu zuten Zinema Ikusezina jaialdia, 2009an. Bilboko KCD – Cultura, Comunicación y Desarrollo elkartearen ekimena izan zen. Jaialdiko zuzendari Juan Carlos Vazquezek honela azaltzen du jaialdi honen berezitasuna zein den: "Hollywooden eta abarretan, askotan zinema egin izan dute entretenitzeko edo ideologia jakin batzuk helarazteko. Guk beste zentzu batean erabiltzen dugu zinema: hausnartzeko eta eraldaketa sozialerako". 

Aurtengo festibala urriaren 16tik 23ra egingo dute Bilbon, baina Elgoibarren ere emango dituzte jaialdira aurkeztutako film laburrak. Meka Lanbide Eskolako areto nagusian proiektatuko dituzte 24 film labur, urriaren 13tik 17ra bitartean. Egun bakoitzean laburmetrai sorta bat emango dute, 45 minutuko saioetan. 

Emanaldien ostean, gogokoena bozkatzeko aukera izango dute Mekako ikasleek, QR sistema erabilita. Askotariko gaiak lantzen dituzte ikusiko dituzten lanetan, eta horiei buruz solasean aritzeko aukera izango dute emanaldien osteko hausnarketa saioetan, besteak beste, lan-esplotazioa, genero-ekitatea, arrazakeria, migrazio irregularra, bullyng-a, homosexualitatea, haurren minbizia edo Palestina. Hain zuzen ere, Hibah Musthafak artista palestinarra da aurtengo jaialdia iragartzeko irudiaren egilea. Ikasleek ikusiko dituzten lau film labur euskarazkoak dira eta hamar emakumeek zuzendutakoak.
Hainbat ikastetxeetan jasotako botoen emaitzarekin, sari banaketa gala egingo dute, urriaren 23an, Bilboko Alhondigan. 

Informazio osoagoa: Kcd-ongd.org

Aurtengo ekitaldia iragartzeko promoziorako bideoa:

Iazko edizioak emandakoaren laburpen-bideoa: