Zabalik dago Tertuliak programan izena emateko epea

Barren 2025ko ira. 22a, 10:13

Tertuliak programako talde buruak, aurreko ikasturteari amaiera emateko ekitaldian.

Urrian hasiko da Tertuliak egitasmoaren ikasturte berria, eta berezia izango da aurtengoa, programaren 25. urteurrena izango baita.

2001ean jarri zuten martxan Tertuliak, euskaraz berba egin nahi baina erraztasunik ez zeukatenei euskaraz jarduteko aukera eskaintzeko helburuarekin. Arduradunek jakinarazi dutenez, badaukate urteurrena "merezi bezala" ospatzeko asmoa, baina, ezer baino lehen, aurtengo ikasturtea jarriko dute martxan. 

Tertuliak programa, urtero moduan, urrian hasi eta ekainera arte izango da, eta programaren oinarrian astero izango den ordubeteko tertulia-saioa dago. Lauzpabost laguneko taldeak osatu eta talde bakoitzean euskaraz ondo dakien lagun bat egongo da, taldea dinamizatzeko. 2024-25 ikasturtean, adibidez, 34 lagunek parte hartu zuten, zazpi taldetan banatuta. 

Tertuliak programa doan da, eta izena emateko epea urriaren 10ean amaituko da. 

"Beraz, programan parte hartzera gonbidatuta zaudete euskaraz hitz egin nahi baina, arrazoi ezberdinengatik, horretarako aukerarik ez daukazuen herritar guztiak", adierazi dute.   

Programaren eragileak Elgoibarko Izarra, Elgoibarko Udala, AEK euskaltegia eta Udal Euskaltegia dira. 

Izena emateko eta informazio gehiago:

  • AEK euskaltegia: 607 601 423
  • Udal Euskaltegia: 943 742 731 
  • Elgoibarko Izarra: 943 741 626