Euskal preso politikoen egoera asko aldatu da azken urteotan, eta bereziki sakabanaketa politika amaitu izanak eragina izan du Harreraren egitekoan. 2012an sortu zenetik gaur arte etengabeko eraldaketan jardun du elkarteak, eta aurrera begira ere egungo errealitatera egokitu beharko du. Une honetan bazkide kanpaina betean murgilduta daude, eta 5.000 bazkidera iristea dute helburu. Ibai Iriarte (Tolosa, 1983) Harrerako kideak hitzaldia emango du datorren eguenean, irailaren 24an, Elgoibarren, Harreraren nondik norakoak azaltzeko. 19:00etan izango da, Kultur Etxeko hitzaldi gelan.
Zertan datza Harrera?
2012an sortutako elkarte asistentzial bat da, euskal gatazka politikoaren ondorioz kartzela, erbestea edota deportazioa pairatu zuten guzti horien etxeratzea antolatzeko. Etxeratze hori modu duin batean egitea du helburu, bakoitzak izan ditzakeen beharrei erantzuna emanez.
2012tik gaur arte espetxe politikak aldaketak izan ditu. Zein eragin izan du horrek Harreran?
ETA desagertzearekin, sakabanaketa politika amaitu izanarekin eta Eusko Jaurlaritzak espetxe politika aldatzearekin batera egoera errotik aldatu da, eta Harrerak ere egokitu egin behar izan du.
Elkarte izaera dauka Harrerak, eta bazkideekin funtzionatzen du. 5.000 bazkidera iristeko kanpaina jarri duzue abian. Zer moduz doa?
Irabazi asmorik gabeko elkartea gara eta une honetan 4.100 bazkide ditugu. 5.000 baietz kanpaina abiatu dugu, eta urtea amaitzerako nahiko genuke zifra horretara iristea. 3.200 bazkiderekin hasi genuen urtea, 900 gehiago ditugu une honetan, eta ekinbide desberdinen bidez espero dugu helburua lortzea. Bazkideak lortzetik harago, garrantzitsua da guretzat euskal preso politikoen, exiliatuen eta deportatuen gaia gizartearen agendan egotea eta gizarteak ezagutzea horien guztien etxeratzea nola ari den ematen. Aurkezpen publikoak egiten ari gara, eta datorren astean Elgoibarren egongo naiz elkartearen berri emateko. Gaur egungo egoeraren azalpena emango dut lehenbizi, jakiteko une honetako argazkia zein den. Euskal gizartearen imaginarioan iltzatuta geratu da urteetako espetxe politikaren irudia: presoak lehen gradoan, sakabanatuta, zigor osoa bete eta gero kalera. Gaur egun hori ez da horrela ematen, eta nolabait esateko, euskal preso politikoei espetxe politika arrunta aplikatzen zaie orain. Ondorioz, kaleratze prozesua progresiboa da. Preso asko daude lan egiteko edo ikasteko aukera dutenak, eta eguna kalean pasatzen dutenak, nahiz eta gauean espetxera itzuli. Bigarren eta hirugarren graduan ere badaude presoak eta baimen bereziak dituzte irteteko. Lagunak edo senideak ikus ditzakete kalean, nahiz eta oraindik libre ez egon. Une honetan 110 preso politiko daude, bi estatu frantsean eta gainerakoak Hego Euskal Herrian, eta horietatik 60 pasatxok kalea zapaltzen dute.
Zein motatako laguntza ematen du Harrerak?
Lehen, bi egoera zeuden bakarrik, preso edo libre, baina orain egoera transitorio asko ditugu eta kaleratze progresibo horri erantzuna emateko Harrerak ere bere burua transformatu behar izan du. Pertsona bakoitzari bere neurriko trajea josten saiatzen gara. Kudeatu behar izaten ditugu Lanbide Heziketako ikasketetarako matrikulazioak, lana bilatzen laguntzen diegu, laguntza ekonomikoa ere ematen diegu, ikastera irteten diren horiek bazkaldu egin behar dutelako, garraio publikoa ordaindu behar dutelako... Bakoitzak bere beharrak ditu, eta Harrera horietara moldatzen da. Badaude batzuk beharrik ere izaten ez dutenak, lagun edo senide sare handia dutelako, baina beste batzuek ez daukate ezer. Beste batzuek hasieran agian ez dute laguntza beharrik sentitzen, baina gerora sortzen zaie beharra... Denetarik dago, baina oro har, lau esparrutan banatzen dugu gure egitekoa: Lehena da arlo ekonomiko-administratiboa.Hau da, kontu korronte bat irekitzen lagundu, erroldatu, NANa berritu... burokrazia papeleo guztia nolabait esateko. Bigarrena, osasun arloa da. Eskaintzen diegu asistentzia psikologikoa, fisioterapia, dentistarako laguntza... Kontuan izan behar da urte asko eman dituztela espetxean baldintza oso gogorretan, eta osasun egoera oso larrian irteten direla asko. Saiatzen gara ahal den guztia Osakidetzaren bitartez egiten, baina badaukagu baita ere konfiantzazko profesionalen sare bat zerbitzu horiek eskaintzen dizkiena preso ohiei zein erbestetik etorri direnei. Hirugarren alorra lan munduratzea izango litzateke: hau da, curriculuma prestatzen laguntzen diegu, lan deialdietara joaten... Azkenik, laguntza ekonomikoa ematen diegu, batetik oraindik preso egonik egunero irteten diren horiei, baina baita ere pentsioa kobratu behar dutenei. Urte asko eman dituzte espetxean lanik egin gabe, kotizatu gabe, eta irteten direnean askok ez daukate lanerako adinik, baina ez daukate pentsiorik. Horiei ere irtenbidea eman behar zaie. Lau lan-lerro horiek kontuan hartuta, bakoitzari behar duena eskaintzen diogu.
Aurrera begira, zein izango da zuen egitekoa?
Espetxeak husten doazen heinean eta erbesteratuak zein deportatuak etxeratu ahala, gure lan-kargak gora egingo du. Aurreikusten dugu datozen urteetan lanik ez zaigula faltako. Iaz, esaterako 117 laguni eman genien zerbitzua. Kontuan izan behar dugu herri honetan milaka lagunek pairatu dutela espetxea, urte luzez eta baldintza oso gogorretan. Batzuek aspaldi bizi izan zuten espetxea, eta urteak daramatzate libre, baina gure lana gero eta publikoagoa denez, orain gerturatu zaizkigu. Askok orain jakin dute elkarte honen berri, eta konturatu dira beraiek ere badutela laguntza horien beharra. Aurreikusten dugu aurrerantzean ez garela aspertuko. Euskal presoak Euskal Herriratzearekin pauso handia eman zen, baina oraindik 110 preso politiko daude eta horiek kaleratzen direnean preso ohiak izango dira guztiak, bakoitza bere beharrekin. Gizarteari azaldu nahi diogu euskal preso politikorik geratzen ez denean ere, preso ohien kolektiboak dituen beharrei erantzuten jarraitu beharko dugula. Herri hau beti izan da solidarioa, milaka gizarte ekimen atera ditugu aurrera, eta zentzu horretan harro egoteko arrazoi asko ditugu. Elkartasun keinu horiek jarraitu beharko dute oraindik indarrean kolektibo honekiko.