Espainiako azken autozineei buruzko argazki erakusketa jarriko dute ikusgai Elgoibarko Kultur Etxean

Barren 2025ko ira. 18a, 09:59

Ongarri argazkilari taldeak Gala Font de Mora argazkilariaren Week-End lana jarriko du ikusgai Kultur Etxean, barikutik aurrera. Egileak bisita gidatua egingo du inaugurazio egunean.

Gala Font de Mora (Valentzia, 1989) argazkilariak 2019ra arte oraindik martxan zeuden Espainiako azken sei autozineetako bosti eginiko argazkiak jaso ditu bilduma honetan: Star Valentzian, Drive-in Denian, El Sur Alacanten, Race Madriden eta Autocine de Gijon, Xixonen. Egileak adierazi duenez, ia ahaztuta dauden espazio horiek ikusgai jartzea izan da bere helburua, "estetika zinematografiko baten bidez". Jende gehienarentzat ezezagunak diren lekuak direla dio, irudimenean zinema klasikoko eszenekin zein AEB-ekin lotzen direnak.

Norbanakoek pantailarekin duten erreakzioa ere jaso du hainbat iruditan, bai eta auto barruko intimitatea ere. "Garrantzitsua iruditzen zait norbanakoaren eta pantailaren arteko konexioa, eta horretarako filmeko eszenen aurrean ikusleen aurpegietako adierazpenak eta erreakzioak nabarmendu nahi ditut. Era berean, interesgarria iruditzen zait auto barruan sortzen den intimitatea, ikusleen mundu txikia".

Argazkilari valentziarraren lan honek hainbat sari eta aipamen jaso ditu nazioartean eta munduko hiri nagusietan egon da ikusgai, besteak beste, Paris, Dubai, Tokio, Ginebra eta New York. Orain Elgoibarren ere bai.

  • Week-End izeneko argazki erakusketa urriaren 4ra arte egongo da ikusgai, astelehenetik zapatura, 18:30etik 20:30era. Ongarri A.T, Elgoibarko Kultura Saila eta Foto Colectania dira erakusketaren antolatzaileak. Inaugurazio egunean bisita gidatua egingo du egileak, 19:00etatik aurrera.