Beñat Gutierrez omenduko dute Osynth tekno musikaren jaian

Barren 2025ko ira. 17a, 19:35

Dardara DJ azkoitiarra izango da Osynth Eguna jaialdiko gonbidatu nagusia.

Musika elektronikoaren jaialdia antolatu du Alternative Division elkarteak irailaren 20rako: Osynth Eguna.

Alternative Division elkartekoek Beñat Gutierrez Arrieta taldekidea eta laguna gogoratzeko eta omentzeko baliatuko dute Elgoibarko Udalaren laguntzarekin zapatu honetarako antolatu duten jaialdia. Urtarrilaren 22an hil zen Gutierrez, eta elkarteko lagunek eskerrak emango dizkiote egindako lan guztiagatik, "berari gehien gustatzen zitzaion moduan, musikarekin". 

Elkarteko kideek mugimendu bat osatu dute, musika eta musikaren inguruko kultura eta balioak sustatzen dituen mugimendu edo pentsaera bat, eta Beñat Gutierrez bide horren aitzindarietako bat izan zela nabarmendu dute. Hark utzi zuen ondareari eta bideari egingo diete omen zapatuan. Elkarteak musika elektronikoari buruz duen ikuspuntua erakutsiko dio herriari, eta, horretarako, beraiekin ikuspuntu bera partekatzen duten artistak gonbidatu dituzte. Besteak beste Dardara, Søuti DJ elgoibartarra eta alternative crew arituko dira musika jartzen. 
Liepzigen bizi den Dardara azkoitiarra izango da kartelburua. "Soinu pertsonala, berezia" duen artista dela aurreratu dute antolatzaileek.

  • Festa 18:00etan hasiko da, eta gauerdira arte musika elektronikoak hartuko du Maalako parkea.

Liepzigen bizi den Dardara DJ azkoitiarra.