Alcortak eta Malapek sendo hasi dute Euskal Kopa

Barren 2025ko ira. 17a, 13:41

Igoera fasera sailkatzeko kanporaketako irudia, aurreko denboraldikoa. Arg: Noemi Garcia.

Sanloko eskubaloi talde nagusiek urrian hasiko dute liga txapelketa, baina hasiak dira lehiatzen, Euskal Kopan, hain justu ere. 

Gizonezkoen Alcorta Forging Group taldeak Euskal Kopako bi partida jokatu ditu orain arte, eta biak irabazi ditu. Estreinakoan 22-27 gailendu ziren Errenterian, Ereintza taldearen aurkako partidan. Bigarrengoan 30-29 irabazi zioten Txikipolit Zarautzi, zapatuan Olaizagan jokatutako neurketan. 

Emakumezkoen Malape Taberna taldeak, berriz, balio handiko berdinketa (24-24) eskuratu zuen Zarautzen, Ameztoi Zarautz taldearen aurka. Kopako bigarren neurketa etxean jokatuko du Malapek, Kukullagaren aurka, zapatu honetan (19:00). Alcortak Urdanetaren aurka jokatuko du, etxetik kanpo, domeka eguerdian. 

Senior gizonezkoen bigarren taldeak, Pizzeria Salentok, Zumaiako Pulporen aurka jokatuko du lagunarteko partida, barikuan (20:15), IMH kiroldegian.