Sal del Coche taldearen kontzertuak hasiko du eguenean Sotoko Hotsak jaialdia

Barren 2025ko ira. 16a, 19:58

Bi kontzertu antolatu ditu Sinuöse elkarteak Sotoko Hotsak jaialdiaren barruan. Bi egunetan, bi kontzertu; biak kalean, eta estreinakoz, Maalako parkean haietako bat, barikukoa. 

Sal del Coche taldeak joko du eguenean (irailak 18) Aita Agirreko arkupeetan, 20:00etan hasita, eta Niña Coyote eta Chico Tornado bikoaren txanda izango da ostiralean. Maalako parkean emango dute kontzertua, 22:30etik aurrera.

Hona hemen Iñaki Ovejerok aurtengorako sortutako kartela eta bi taldeen inguruko aurkezpen txiki bana. 

SAL DEL COCHE. Aita Agirre kulturguneko arkupeetan, irailaren 18an (eguena), 20:00etan.

"Gustatzen zaigun musika egiten saiatzen garen hiru lagun gara, pentsa dezakegun bandarik libreena", irakurri diogu Alberto Egiluz Sal del Coche taldeko kideari beren buruaz. Artista gehienen antzera, ez dira etiketa zaleak eta diote gustatzen zaizkien eragin guztien katalizatze halako bat direla. 90eko hamarkadako Fugazi, Gang of Four eta antzeko harcore taldeen eragina izan duten talde edo proiektuetan ibilitakoak dira (VULK, La Sombra, Cuero..) hiru taldekideak, Alberto, Jangitz eta Lizardi, eta diote The Fall, James Chance & The Contortions, The Lounge Lizards, Liars, Mar Otra Vez... eta beste talde askoren emaritik edan dutela. 2024an argitaratu zuten beren lehen diskoa: Ciudad de Polvo (2024, Humo Internacional), eta gustuko dute beste musikari batzuekin eta musikarekin lotura zuzenik ez duen jendearekin elkarlanean aritzea.

NIÑA COYOTE eta CHICO TORNADO, irailaren 19an (barikua), Maalan, 22:30ean

Koldo Soret abeslari eta gitarra-joleak (aurrez Euripean Sua, Surfin Kaos, Utikan, Mugatik edo Chico boom taldeetan aritua) eta Ursula Strong izen artistikodun Usua de la Fuente bateria jotzaileak (Zuloak eta Culebra) sortu zuten Niña Coyote eta Chico Tornado 2012an eta, geroztik, bost album argitaratu dituzte: Niña Coyote eta Chico Tornado (2013, Pozoi Records), Lainoland (2015, Pozoi Records), Eate (2016, Pozoi Records) eta Aitzstar (2019, Pozoi Records), Niña Coyote eta Chico Tornado Vs Don Cóndor  eta Ñora Alacrán (2022, Pozoi Records), eta Atea (2025, Pozoi Records). Azkeneko diskoan lehenengo diskoetako rock lehor eta gogorrera itzuli dira, beren soinua psikodelia, punk eta erritmo berrietara zabalduz.  Gitarra soinu erritmikoekin eta sistemaren kontrako oihu batekin hasten da diskoari izena ematen dion kantua, Atea, eta album osoaren ezaugarri ere bada hori.