CATT Morkaiko taldeak eta Kalamua Elkarteak antolatu dute lasterketa Udalaren laguntzaz. Irailaren 28an jokatuko dute, 11:00etan hasita, Aiastia auzoko jaien barruan.
Hasiberrientzat zein eskarmentudunentzat
Mendi lasterkariak 6,5 kilometroko ibilbidean lehiatuko dira. Ibilbide "motza eta arin antxitxika egiteko modukoa" prestatu dutela azpimarratu dute antolatzaileek, 317 metroko desnibel positiboduna, eta uste dute egokia dela trail munduan hasi nahi dutenentzat zein eskarmentua duten korrikalarientzat. Mutur batean zein bestean egon, biek gozatuko dutela diote. Era berean, ibilbideak Aiastiako ingurune naturalak eskaintzen duen onena batzen duela uste dute: "Pista erosoak, teknika handiagoa eskatzen duten bidezidorrak eta bi gailur esanguratsu: 468 metroan dagoen Zirardamendi 533 metroko garaiera duen Morkaiku".
Ibilbidea
Antolatzaileek zehaztasunez azaldu dituzte ibilbidearen nondik-norakoak. Murkaikupe pilotalekutik abiatuko dira parte hartzaileak, eta GI-2636 errepidea zeharkatu ondoren, Zirardamendiko tontorreraino igoko dira. Ziarda baserriaren parean, eskuinerantz jo beharko dute, mendiko pista hartu eta pinadi batean barrena. Kilometro bateko igoera samurra egin beharko dute Zirardamendiko tontorrera (468 m) ailegatzeko. Gailurraren bestaldean dagoen pistatik egin beharko dute jaitsiera, hormigoizko pistara itzuli arte, eta kilometro bat geroago GI-2636 errepidea berriro zeharkatuz, frontoiraino bueltatuko dira; baina, ez proba bukatzeko, bigarren zatiari ekiteko baizik. Anoa postua edukiko dute frontoian, ibilbidearen 3,7. kilometroan, Morkaiko puntara indarrak berreskuratuta igo ahal izateko. Frontoi atzetik hasten den bidezidorretik igoko dira Morkaikora. Malda pikoa da, eta azken zatia eskuen laguntzaz igo beharreko 30 metroko aldapa bertikala da (Elgoibarko Mendi Itzulian parte hartu zutenek ezagutzen dute azken malda horren gogortasuna).
Murkaikoko gurutzea atzean laga, eta beheranzko bidea hasiko dute saltakariek. Mendiko pistatik zigi-zagan asfalto pistara jeitsiko dira, eta handik gutxira, eskuinaldera dagoen bihurgunea hartu beharrean, aurrera zuzen joan eta mendiko pistara bueltatu ostean, frontoira helduko dira. Oraingoan bai, helmuga zain izango dute proba hasitako toki berean.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ibilbidea behar bezala seinaleztatuta egongo da kartel adierazgarriekin eta ondo ikusteko moduko baliza-zintekin.
Partaideek probaren erdian eta amaieran izango dute produktu solido eta likidoekin osatutako hornidura edo anoa postua. Hori bai, zehaztu dute guztion betebeharra dela ingurua zaintzea, eta ohartarazi dute ezingo dela hondakinik lurrera bota. Horretarako, edukiontziak edo zabor-poltsak jarriko dituzte.
Auzo giroa eta jaia
Mendi lasterketan egindako ahaleginaren ostean, jai giroaz gozatzeko aukera edukiko dute nahi duten partaideek, sanmigel jaiak ospatzen ariko dira-eta auzoan. "Musika, txosna eta hornidura postua egongo dira indarrak berreskuratu eta elkarrekin gozatzeko".
Kategoriak eta sariak
• KATEGORIAK
- 14 eta 17 urte bitarteko partaideak (Gazteak)
- 18 eta 47 urte bitarteko partaideak
- 48 urtetik gorako partaideak (Beteranoak)
- Auzotarrak
*18 urte baino gutxiago duten partaideak gurasoen edo legezko tutoreen baimena behar dute. (hemen baimena eskuratzeko galdetegia)
• SARIAK
- Lehenengo korrikalariari TXAPELA
- Lehenengo gizona OTARRA
- Lehehengo emakumea OTARRA
- Lehenengo Beteranoa OPARIA
- Lehenengo Gaztea OPARIA
- Aurpegirik hoberena OPARIA
- Auzoko lehena SARI BEREZIA
- Partaide guztien artean ZOZKETA: BELAUSTEGI JATETXEKO 2 EGUNEKO MENUA
Izen-emateak
Proban parte hartu nahi dutenek egunean bertan izangio dute izena emateko aukera, 9:15etik 10:45era bitartean. Bost euro ordaindu beharko dituzte.