Idi gazteak lehiatzen dira kintopekoen idi demetan, urte horretan plazan hasitakoak, eta Gipuzkoako Kintopekoen Txapelketarako proba puntuagarria zen Sigma Probaleku Herri Kirol Elkarteak antolatutakoa. Bost idi pare lehiatu dira txapelketaren 11. edizioa izan den honetan, eta Azkoitiko Isidro Erretegiko idiek egin dute lan onena. Aitor Aizpuruaren Azkoitiko uztarria atzo aritu zen, azken saioan, eta 48 plaza egin zituzten –66 kiloko gainkarga izan zuten–. Asier Alegria eta Iñaki Urrutia aritu ziren Isidro Erretegiko idi parearekin itzain lanetan, eta Jon Erkiagak kontrolatu zuen denbora.
Atzo plazara irten ziren beste bi uztarriek ere gainditu zituzten aurreko zapatuan plazara irten ziren bi idi pareek eginiko lanak: Birleko (Mungia, Bizkaia) Lopategiren idiek 45 plaza, bi zinta eta 6,47 metro egin zituzten –12 kiloko gainkarga izan zuten–. Arroako Etxetxoren idiek 42 plaza osatu zituzten –48 kiloko gainkarga izan zuten–.
Zapatuan, Laudioko (Araba) Mendikoren eta Mungiako (Bizkaia) Mendipe elkartearen uztarriak aritu ziren lehian; Mendikoren idiek 33 plaza, hiru zinta eta 5,90 metro osatu zituzten, eta Mendipe elkartekoenek 34 plaza eta 2,40 metro. Mendipe elkarteko idiak 52 kiloko gainkargarekin aritu ziren. Aldiz, Mendikorenek ez zuten gainkargarik eraman.
Isidro Erretegiak 1.300 euro, idientzako mantak eta txapela jaso zituen saritzat; bigarren sailkatu zen Lopetegik 1.200 euro; Etxetxo izan zen hirugarrena, eta hark 1.100 euro eskuratu zituen; Mendipe elkarteak 950 euro irabazi zituen laugarren eginda; eta azkenik, bosgarrena izan zen Mendikok 850 euro jaso zituen.
Sailkapena:
- Isidro Erretegia (Azkoitia): 48 plaza.
- I. Lopategi (Birle, Mungia, Bizkaia): 45 plaza, bi zinta eta 6,47 metro.
- Etxetxo (Arroa, Zestoa, Gipuzkoa): 42 plaza.
- Mendipe elkartea (Mungia, Bizkaia): 34 plaza eta 2,40 metro.
- Mendipe (Laudio, Araba): 33 plaza, hiru zinta eta 5,90 metro.
Idi-demak, irudietan (Mikel Askasibar/Elgoibarko Udala):