1999an etxera, Txillarre baserrira, gonbidatu zituen Pello Rubiok bere bi lagun, Jesus Egiguren alderdi sozialistakoa eta Arnaldo Otegi ezker abertzalekoa, berak otordua eman bitartean hizketan jarri zitezen. Jardun ziren presoez nahiz atentatuez, gatazkaz eta haren aterabideaz eta bestelakoez, eta Rubiok hasitako ahalegin hark erakutsi zuen, gerora, desberdin pentsatzen dutenen arteko akordioak sor daitezkeela. Izan ere, solas etengabe haietatik, halako batean, bestelako foroak eta elkarrizketa-mahaiak sortu ziren: Loiolan, Genevan, Oslon…
Pello Rubiok berak kontatu ditu libururako urte hauetan guztietan gertatutakoak, Asier Ibaibarriagak eta Edurne San Martinek gidaturiko elkarrizketa bizian, eta libururako hitzartze bana idatzi dute urtetan Txillarreko bazkaltiar izandakoek: Egigurenek eta Otegik.
Dokumentala, urriaren 10ean, musika eskolan
Liburuarekin batera dokumentala ere grabatu dute, eta Elgoibarren aurkeztuko dute urriaren 10ean, 18:30ean. Herriko Antzokian izango zela esan genizuen papereko edizioan, baina antolatzaileek jakinarazi dute azken orduko aldaketak izan direla, eta azkenean, musika eskolan emango dutela, egun eta ordu berean: urriaren 10ean, 18:30ean. Emanaldi bakarra izango da.
Egun horretatik aurrera herriz herri hasiko dira aurkezten dokumentala, eta Mendaron ere emango dute, nahiz eta oraindik eguna ez duten zehaztu.