Zirardamendi-Aiastia fronte-lerroan hildako gudariak omenduko dituzte irailaren 21ean

Barren 2025ko ira. 13a, 12:17

Zirardamendi-Aiastia (San Migel) fronte-lerroan hildako gudariak izan dituzte gogoan iraileko azken aurreko domekan, eta Elgoibarko Udalak ekitaldian parte hartzera animatu ditu herritarrak.

2013. urtean hasi ziren omenaldi ekitaldi hau egiten "euskal soldadu gazte haien sakrifizioa ohoratzeko eta memoria historikoa gordetzeko, bizikidetzarako eta adiskidetzeko bide gisa".

Iraileko azken aurreko domekan egiten dute eta irailaren 21a izango da aurtengoa. Aiastiako Murkaikupe pilotalekuaren atzean landatuta dagoen Gernikako arbolaren kimu paretik hasiko dute ekitaldia, 11:00etan. Handik Zirardamendiraino joango dira. Bidean, lau gudari desobiratutako tokian lorak lagako dituzte eta Zirardamendiko gurutzetxoan beste lore sorta bat lagako dute, han hildako gudarien eta milizianoen omenetan. 

1936ko irailaren 25an Arana Goiri batailoiko hamalau euskal gudari hil zituzten Zirardamendiko frontean, Mola jeneralaren tropen kontrako liskarretan: José Txintxurreta, Paulino Beraza, Juan Zabala, Blas Larrazeleta, Ambrosio Etxebarria, Felipe Elorriaga, Sabin Atutxa, Emeterio Llavori, Eusebio Gaubeka, Juan Agirre, Imanol Etxebarria, Marcelino Gandarias, Miguel Palacio eta Félix Arbulu.

Elgoibarko memoria historikoa berreskuratzeko herritarrek sortutako Elgoibar1936 taldeak, Ahaztuen Oroimena Markinaldeko Frentea 1936 taldeak eta Aranzadik elkarlanean desobiratu zituzten 2012. urtean 1936ko gerran Frankoren tropek fusilatu eta auzokoek Zirardamendin ehortzitako lau gudariren arrastoak.

Zirardamendi-Aiastiako fronteko gudua Elgoibarko historian gertaera esanguratsua dela gogora ekarri du Elgoibarko Udalak. "Guda-armak erabiltzen esperientzia gutxi edo batere ez zuten gazte euskaldunek matxinatutako tropen aurrerapena geldiaraztea lortu zuten. Erresistentzia horrek frontearen lerroa egonkortzea eta denbora irabaztea ahalbidetu zuen, eta horri esker, egun batzuk geroago, 1936ko urriaren 7an, Jose Antonio Agirrek Gernikan karguaren zina egin eta lehen Eusko Jaurlaritza osatu ahal izan zuen". Gertaera haiek gogoan edukitzea merezi dutela uste dute eta herritar guztiak gonbidatu dituzte omenaldi ekitaldira.