Athleticeko lehen taldearekin debuta egin du Oihana Agirregomezkorta elgoibartarrak

Barren 2025ko ira. 10a, 14:12

Oihane Agirregomezkorta. Irudia: Athletic Club.

Athletic Clubekin debuta egin du Oihana Agirregomezkorta Garciak (Elgoibar, 2004).

Talde zuri-gorriak Lezaman jokatu zuen Liga F-ko denboraldiko estreinako partida abuztuaren 30ean, C.D. Teneriferen aurka, eta Javi Lerga entrenatzailearen hasierako hamaikakoan irten zen zelaira Oihana Agirregomezkorta aurrelari elgoibartarra. Bizkarrean 29 zenbakiarekin egin zuen debuta. Hutsean amaitu zuten kanariarren aurkako partida. 

Agirregomezkorta C.D. Elgoibarren hasi zen futbolean, eta Urki eta SD Eibar taldeetatik igaro ostean, Athletic-en hirugarren eta bigarren taldeetan aritu da orain arte. Azken denboraldiaurrea, baina, talde nagusiarekin egin du eta ondo baino hobeto probestu du aukera. Puntaerdian aritzen den jokalaria denboraldiaurreko golegile nagusia izan zen eta ligako lehen jardunaldian debuta egiteko aukera eman zion entrenatzaileak. Ane Campos Getariako aurrelaria eta bera izan ziren bi debutariak eta Athletic Cluben elastikoarekin lehiatzen diren 126. eta 127. jokalariak dira. Itziar Gurrutxaga eta Eli Ibarra elgoibartarrak dira horietako bi.

Azken hilabeteak emozioz beterikoak izan direla aitortu zuen Agirregomezkortak debuta egin osteko prentsaurreko agerraldian. "Aurredenboraldian eurekin entrenatzen hasi nintzenetik ume txiki baten ilusioarekin aritu naiz", adierazi zuen. Gipuzkoarra izan arren, Athleticen kamiseta janztea amesten zuela gaineratu zuen, eta emozio handia sentitu zuela debut egunean. 

Ligako bigarren jardunaldia ere etxean jokatu zuen Athleticek, joan den asteburuan; baina, Lezaman beharrean San Mamesen, Bartzelona ahalguztidunaren aurka jokatu baitzuten. Porrot gogorra jaso zuten etxekoek, 1-8 irabazi baitzieten kataluniarrek. Deialdian sartu zuten arren, Agirregomezkortak ez zuen San Mamesen jokatzeko aukerarik izan.