Lizagasar sagartokixak eta CATT Morkaiko taldeak antolatuta, Lizagasar erronkaren hirugarren edizioa jokatu dute gaur goizean, Lizagasarreko sagastian barrena. 28 lagunek hartu dute parte, eta bost izan dira emakumezkoak. 11:00etan hasi dute erronka, eta sagastiari buelta bat eman ondoren, sailetan barneratu dira. Iñigo Lariz izan da helmugaratzen lehenengoa, 54:06 denborarekin. Gizonezkoen podiuma Ioritz Kondek (54:34)eta Mikel Arriolak (54:45) osatu dute.
Emakumezkoetan Pilar Arriola izan da irabazlea, 1:16:00 denborarekin. Bigarren lekuan iritsi da Maria Amundarain zumaiarra 1:32:32 denbora eginez, eta Elena Rodriguez elgoibartarra izan da hirugarrena, 1:33:49 denborarekin.
Aurpegi onenaren saria Andoni Gabilondok jaso du, eta Laura Cid ermuarrak azken sailkatuari eman ohi dioten kalabaza eraman du etxera.
Azkenik, barazkiz eta Lizagasarreko produktuz osatutako orgatilaren zozketa egin dute, eta Julia Quintanari tokatu zaio.
Lizagasarren 2.300 sagarrondo daude, 60 sailetan banatuta; denak aldapan. 30 aldapan gora egin behar izan zituzten korrikalariek eta beste 30, maldan behera. Ibilbideak 8 kilometro ditu guztira, eta desnibel positiboa 750 bat metrokoa da. Gaur, gainera, bero sargori izugarria egin du, eta dena eman behar izan dute partaideek. Txaranga eta DJak aritu dira goiza alaitzen, eta giro paregabean joan da erronka. Umeek ere hartu dute parte adinka banatuta, beraientzako prestatutako probetan, eta etorkizuneko korrikalariren bat edo beste ikusi da lehia bizian.