Udal arduradunek azaldu dutenez, Txiki Eguneko pilota jaialdira gero eta lagun gutxiago joaten ziren, eta beste aukera batzuk aztertzea eta probatzea erabaki dute. "Urte asko daramatzagu San Bartolome jaietan puntako esku pilota jaialdiak antolatzen eta harreman oso ona lortu dugu enpresekin. Txiki Eguneko jaialdiarekin genituen zalantzak mahai gainean jarri genizkienean, jaietan antolatzen dituzten bi jaialdietako bat debaldekoa izatea proposatu ziguten, pilotarien maila mantenduta, ikusle gehiago datorren ikusteko", azaldu du Maialen Gurrutxaga alkateak. Txiki Eguna asko aldatu dela dio eta geroz eta zailagoa dela pilotalekura garaiz iristea, Mauxitxa txarangaren kalejira bukatu eta gutxira hasten baitira partidak. "Azken urteetan gora egin du Elgoibarren pilotazale gazteen kopuruak. Kuadrilla handiak joaten dira pilotalekura eta horiei erraztasunak eman nahi dizkiegu, esku pilota kirol garrantzitsua baita guretzat", adierazi du.
Hortaz, urtero moduan bi pilota jaialdi izango dira: Lehena, San Bartolome Egunean (18:00). Sarrera ordaindu beharko da frontoira sartzeko. Bigarrena, berriz, Gazteen Egunean izango da, abuztuaren 29an, 17:30etik aurrera, doan.
Abuztuaren 24ko partiduak, 18:00etan:
- Agirre-Morgaetxebarria vs. Egiguren V.-Aldabe
- Altuna III-Martija vs. Jaka-Albisu
Abuztuaren 29ko partiduak, 17:30etan:
- Exposito-Erostarbe vs. Alberdi II-Salaverri
- Zubizarreta III-Aranguren vs. Murua-Gaskue
Abuztuaren 24ko partiduetarako sarrerak www.entradasfronton.com webgunean daude eskuragarri, eta Kaia Tabernan abuztuaren 11tik aurrera eros daitezke. Era berean, partiduaren egunean, frontoiko leihatilan ere eskuratu ahal izango dira.