Udaletik zehaztu dutenez, erakundeen arteko lankidetza indartzea du helburutzat onartu duten proposamenak, eta herri barruko mugikortasunarekin zerikusia duten hainbat proiektu "estrategikori" bultzada bat ematea, besteak beste, Udalbus, Auzo-Taxi, Altzolako bidegorria edo trenbideen bikoizketa: "udalerriko lotura hobetzeko, tren-maiztasunak bikoizteko, mugikortasun irisgarriagoa errazteko eta herritarren benetako beharretara egokitutako garraio publiko moderno eta jasangarri baten alde aurrera egiteko".
Udalatik azaldu dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuan aurkeztuko dituzte Elgoibarri zuzenean eragiten dioten garraio-zerbitzuak optimizatzeko beharrezko proposamen guztiak. Era berean, hobekuntza-proposamenak Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko zein Arabako foru-aldundiei ere helaraziko dizkiete, "elgoibartarren mugikortasun-beharrei ikuspegi integral batetik erantzuteko".
Udalak bultzatzen jarraitu nahi dituen proiektuen artean, honakoak aipatu dituzte: Udalbusa, Auzo-Taxi zerbitzua, Gaueko Taxi Zerbitzua, Lurraldebusen diruz lagundutako bidaiak, trenbideen bikoizketa —trenen maiztasuna bikoiztea ahalbidetuko duena—, eta Altzola eta hirigunea oinez lotuko dituen bidegorri berria.