Bi-hiru lagunekin egin dugu hitzordua eta mahai bete emakume topatu dugu taberna bazterrean, zain. Dozena bat guztira. Tabernaria beste gizonik ez da inguruan. "Ekimena gurea da eta ez ditugu senarrak gonbidatu", azaldu du Leo Barrerasek. "Geu gara hemen arrankedunak, las chicas yeyé", gehitu du ondotik Marije Arakistainek, eta jarri ditu denak barrez.
Santanetako Kuadrilla Eguneko bazkarirako izena eman ohi duten zaharrenak dira, baina gazte asko baino gazteagoak dira izaeraz. Aurten ere parte hartu asmo dute biharko paella lehiaketan. 18 lagun dira, tartean bost gizon, eta jaietan dena emateko gogoz daude. "Herriko parrandazaleenak gara", esan du Rosa Epeldek, eta hortxe-hortxe ibiliko dira, gaur haiei entzundakoak entzunda.
Gazte-gaztetatik lagunak direnak bi dira taldean: Satur Roteta eta Maritxu Ulazia, baina aspalditik dituzte beste asko ere lagun, guraso egin ahala joan zirelako batzen umeen bueltan osatutako kuadrillara eta hasi zirelako aisialdiaz elkarrekin gozatzen. Badira kuadrillara geroago batu direnak ere, jakina, eta Montse Lopez da haietako bat. 2020an iritsi ziren Leondik Tino Gonzalez senarra eta biak, alabarengana, eta topatu zuten hemen lagun talde bat, "alaia, animatua eta kale zalea". Esan gabe doa askotarikoa dela taldea, baina batzen dituela ondo pasatzeko gogoak eta parrandarako zaletasunak. Eguenero elkartzen dira pintxo-poterako, eta barikuro, afaltzeko. "Azpilgoetan hasten dugu tabernaz tabernakoa eta San Josen afaltzen dugu. 13 bat elkartzen gara ostiralero", zehaztu du Rosa Epeldek.
Kuadrilla Eguneko bazkarian 2017an parte hartu zuten estreinakoz. Maritxu Ulazia eta Mari Tere Lazarobaster topatu ditugu frontoian egin zen herri-bazkari hartako argazkian senarrekin eta beste lagun batzuekin, baina bueltan ibiliko ziren beste batzuk ere, argazkian falta diren arren. Antonio Tarragualek gertatu zien paella orduko hartan.
"Guk sekula ez dugu pentsatu Kuadrilla Egunean parte hartzeko bezain gazte ez garenik", esan du Epeldek, baina aitortu dute ingurura begiratuta ez dituztela euren adin-bueltako asko ikusten. "Seguru nago izango direla beste kuadrilletan ere gustura etorriko liratekeenak bazkaritara, baina beharbada ez dute topatzen gurean adinako babesik pausoa emateko. Gure kuadrillan beti 'aurrera' dena, 'baina, nola gu horra?' izango da besteetan", gehitu du Lazarobasterrek. Eta errematatu du Marije Arakistain koinatak: "Guk lotsarik ez daukagu. Eta zertarako lotsatu gainera! Ezingo gara ba ondo pasatzeko lotsaz egon!".
Eta Arakistainek hori esateaz batera etorri zaio akordura Satur Arriolari, herriko gazte denak atzetik zituztela Mendarorako Gaztetxe eskean ibili zirenekoa. "Santa Ana eguna zen. Jaitsi ginen Santa Anatik Azpilgoetara trikitilari eta bertsolariekin, edan genituen txakoli batzuk ohitura den moduan, eta elkartu ginen jende multzo handiarekin plazan.
Han pankarta bat zabaldu zuten gazteek, haietakoren batek tentatu gintuen eta kolpe genion Marije eta biok pankartari alde banatatik, zer jartzen zuen erreparatu gabe". Halaxe egin zuten Mendarozabalerainoko bidea gure bi andreek, eta bide-erdia egina zutenean, begiratu zuten atzera, eta... 'Ai ene! Gaztetxe eskean gu zaharrok, herriko gure ume denak atzean hartuta', oroitu du Arakistainek, eta segi dio lagunak: "Eta gure etxe parera iritsi eta ama balkoian jarrita. Esango zuen hark: 'Hor dabil orain ere gure Satur zoro hori!'. Eta lehertu dira denak barrez.
Isildu bako jarduna bihurtu da haiena, oroitzapenen zakua zabaldu dutenean. Garagartzako plazan egiten ziren erromeriak, sokamuturra, Kilimon errekako pretil gaineko kalejira, Gartzianeko aurrean auzotarrek inprobisatu ohi zuten patata- dantza... "Ume ginen eta zaharrak iruditzen zitzaizkigun haiek orduan, baina gure adin-bueltakoak izango ziren haietako batzuk. Akordatzen zarete Mateo Arriola Mateonekoak, Felisa Olazabal Txoferranekoak, Belen Ansola Kaletxonekoak eta abarrek Mateonetik Gartzianeko parera egiten zuten kalejira eta han dantzatzen zuten patata-dantzaz?", bota du Arriolak, eta segi dio Arakistainek: "Eta zezenaz? Zer jendetza ekartzen zuen sokamuturrak Garagartzara! Zezenen falta, horixe daukat nik orain santanetan!". Koinatak hartu dio hitza eta kontatu ditu zezenaren aurrean egindako balentriak. "Txapligoa jotzean Marije etortzen zitzaidan tinbre joka. 'Ordua den, hi!', eta aire biok saltaka. Goiko kaletik ez zen ezer ikusten eta jaisten ginen kontsulta zaharreko parera. Hartzen zuen Marijek baranda bat han eta ibiltzen zen zezena xaxatzen! Lasturko odola izan honek, baina hala ere, bularraldea belztu zion behin zezenak". Halakorik ez dago gaur, eta falta du Marijek hori, baina aitzakiarik ez diote ikusten egitarauari Beti Gaztiak kuadrillakoek. "Jaiak ez ditu egitarauak egiten, jendeak baizik", azpimarratu du Epeldek, eta eman du errematea Elisak, kuadrillako zaharrenak: "Gazteen artera arrimatzea da onena, zahar artean dena da hemengo edo hango mina. Gaztetu egiten da bat jaietan gazteagoekin ibilita".
Aurtengo Kuadrilla Eguneko egitarauari begira jarri dira berriro, eta di-da batean antolatu dira. Haien profilak ezagututa, ez dute beste kuadrilla askotan bezain zaila izango sukaldaria izendatzeko. Antonio Tarragualek bete izan du sarri egiteko hori Beti Gaztiak kuadrillan. Duela bi urte, paella lehiaketa irabazi zutenean ere berak jantzi zuen mantala, Rosa Urain eta Mari Tere Lazarobasterrekin batera. Paella lehiaketan ez ezik, jolasetan eta playbackean ere parte hartu beharra zegoen orduan sailkapen nagusirako eta, kanpo gelditu ziren. Iaz, baina, jolasak kendu eta sormena saritzeari ekin zioten antolatzaileek, eta zabaldu zitzaien irabazteko aukera ere. Bultzada txiki bat baino ez dute behar agidanez, eta xaxatu ditugu.
Julia Godoy izendatu dute sukaldari, urteetan Mendaroko ospitalean sukaldari izandakoa, eta ospitalean lankide izandako Maria Jesusek egingo dizkio pintxe lanak. Txapelaren diseinuaz ere hitz egina dute aurrez, baina ez dute gaur argibiderik eman, kazetaria bera ere lehiakide izango dutela jabetuta. "Ez gero ideiarik eman honi!, ohartarazi die Marijek lagunei. Playbackak zeresan handiagoa eman du. Oholtzara igotzea gehitxo izango dela iradoki dute batzuek, baina ezinik ez dute ikusten beste zenbaitek. "Zergatik lotsatu behar dugu ba!", entzun diogu esaten Leonor Barrerasi. Eta atera dituzte sakelako telefonoak eta hasi dira aukera bila. Eurovision jaialdiko Espresso Machiatto
bota du batek, eta ekin dio kantuari Epeldek: "Mi amore, mi amore. Espresso macchiato, macchiato, macchiato, por favore, por favore, espresso macchiato corneo..." Duo Dinamicoren beste bat topatu du telefonoan Marijek, kuadrillaren izenari ohore egiten diona, eta hura ere hasi da kantuan: "Somos jóvenes, amor / somos jóvenes los dos / es fantástico vivir y poder cantar así". Eta, izan ere, itzela da jaiak kuadrilla honek bizi dituen moduan bizitzea.
Kantua adostu nahian ari dira. Dantza lotuan egingo luke Montsek oholtzan, baina playbackak beste zerbait eskatzen duela erantzun diote mahaikideek. "Zerbait animatuagoa". Kanturako egokiagoa ikusten du bere burua Elisa Salgadok dantzarako baino. "Hiru bat urte gutxiago banitu, orduan bai!", bota du. Bat eta beste, hasi
dira berotzen, hasieran ezetzean zeudenak ere.
Dantzazaleak dira asko eta erakutsi izan dute plazan, bai eta jubilatuentzako Udalak antolatu ohi duen bazkarian ere, baina plaza bete lagunen aurrean oholtzara igotzeak beti ematen du erreparo halako bat. Hala ere, ez dute baztertu aurten pauso hori ematea. "Playbacka ikustera batzen garenean urtero errepikatzen dugu gauza bera: 'Datorren urtean geu ere bai?. Akaso aurten izango da", esan du Saturrek, lagunek proposatutako dantzak egiteko jantzi egokietan pentsatzen hasia denak.
Ikusteko dago zer erabakiko duten, baina gauza bat da ziurra: dena emango dutela santanetan. "Txupinazo egunean jantzi eta Katasorgina bidali arte lotarako baino ez dut kentzen nik zapi berdea. Oherakoan ateko eskulekuan esegi eta goizean jantzi, eta beroak estu hartuz gero, eskumuturrean lotu", esan du Barrerasek. Bukatu ziren garai bateko gonbidautzak ere, eta libreago dira orain. "Etxe bete lagun etxean eta norbera lanean? Ez. Jaiak jai egiteko dira, eta ikasi dugu guk ere hori. Orain ez dago gu geldituko gaituenik", erantsi du Epeldek, eta bukatu dugu solasaldia Gora santanak oihukatuta.