Amaitu da udaldia eta eragileek udako eskaintzaren balorazioa egin dute. Ludotekan eta Gaztelekuko arduradunek balorazio "oso positiboa" egin dute, bai parte-hartzaileen aldetik, bai hezitzaile eta koordinazio-taldearen aldetik, eta Atxutxiamaikatik ere udaldia "oso ona" izan dela adierazi dute.
Aurten, berrikuntza batzuk sartu idituzte udako eskaintzaren antolaketan, eta Elgoibarko haurrei zuzendutako programazioa bi eragileren bidez garatu dute: Atxutxiamaika aisialdi-taldeak Haur Hezkuntzako haurrentzako jarduerak eskaini ditu Udalarekin lankidetzan eta Udal Ludotekak, berriz, Lehen Hezkuntzako haurrentzako eskaintza antolatu du. Gaztelekua bigarren hezkuntzako nerabeentzako eskaintzaz arduratu da.
HH2tik HH5era arteko umeei egin die eskaintza aurten Atxutxiamaikak, eta adin tarte bakoitzak bere programazioa izan du. Guztira, 148 umek hartu dute parte, hamabost eguneko bi txandatan banatuta. Atxutxiamaikako lan-taldeak udaldiaren inguruan egindako balorazioa oso ona izan da, baina esan dutenez, are hobea izan da haurrengandik eta familiengandik jaso duten balorazioa; beraientzat alderdi hori garrantzitsuena izanik. Udaldiko argazkiak jarri dituzte ikusgai Kultur Kafean, eta gaur izango da horiek ikusteko azken eguna.
Ludotekak eta Gaztelekuak antolatutako jardueretan, berriz, 277 haur eta nerabek parte hartu dute lau astetan: Ludotekako programazioan, LH1etik LH3ra bitarteko haurrek eguneroko jarduerak izan dituzte; LH4 eta LH5 mailakoekin irteera puntualak egin dira, eta LH6koek, berriz, egonaldia egin dute Orion.
Gaztelekuaren programazioak hiru egonaldi, surf ikastaro bat eta aisialdiko eta denbora libreko hainbat jarduera jaso ditu. Berrikuntza nabarmen gisa, jarduera askok inguruko udalerrietako Gaztelekuekin lankidetzan garatu dira, eta horrek beste herri batzuetako nerabeekin bizipenak partekatzeko aukera eman die Elgoibarko gazteei. Antolatzaileen esanetan, ekimen hau oso harrera onarekin hartu dute gazteek, lagun berriak egiteko eta eskualdeko gazteen arteko sareak indartzeko balio izan duelako.