Jacinto Polo Rios milizianoaren gorpuzkia entregatu diote familiari Elgoibarko kolunbarioan

Barren 2025ko uzt. 24a, 10:29

Jacinto Polo Riosen gorpuzkia jaso zuen atzo familiak  Elgoibarren eta bertako Duintasunaren Kolunbarioan hilobiratu zuen. María Jesús San José, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak, Alberto Alonso, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak eta Maialen Gurrutxaga, Elgoibarko alkateak parte hartu zuten ekitaldian. 

Jacinto Polo Riosen gorpuzkia, Amorebieta-Etxanoko hilerrian berreskuratutako 
149etako bat da, bertan identifikatutako bosgarrena. Identifikazioa gauzatzeko oso 
lagungarria izan da hezur-hondarrekin batera berreskuratutako identifikazio-xafla, 23086 
zenbakiduna. Euskal Prospekzio Taldeak dokumentazio historikoa kontsultatu eta 
zenbakiari izena jarri dio: Jacinto Polo Rios. Ondoren, identifikazio genetikoa 
gauzateko, Gogora familiarekin harremanetan jarri, DNA lagina jaso eta EHUren Biomics 
laborategiak egin du laginen azterketa genetikoa.  


Gogora Institutuak aurrera eramaten duen ‘Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak 
Bilatzeko Programaren’ beste emaitza positibo bat da hau, gerrako hildakoak bilatu, 
berreskuratu eta identifikatzeko programarena. Identifikaziora iritsi arteko prozesuaren 
etapa desberdinetan honako hauek parte-hartzen dute:  Euskal Prospekzio Taldea, 
Gerra Zibileko biktimen balizko ehorzketak aurkitzeaz arduratzen dena; Aranzadi 
Zientzia Elkartea, gorpuzkiak hobitik atera eta auzitegi-azterketa egiten duena; eta 
EHUko Biomics laborategia, DNA laginak aztertzeaz eta erkatzeaz arduratzen dena. 
 
Jacinto Polo Ríos donostiarra 1936ko abenduaren 4an hil zen, Elosun (Araba), 20 urte 
zituela. CNT, sindikatu anarkistari atxikitako ‘Malatesta’ batailoiko gudularia zen. Hezur
hondarren azterketa forentseak erakusten du Jacinto gerra frontean zauritu ostean, 
ebakuntza egin ziotela. Beraz, pentsatzekoa da, Elosun zauritu eta Amorebieta
Etxanoko ospitalera eraman zutela eta han, ebakuntzaren ostean, hil eta bertako 
hilerrian hobiratu zutela.