Hilabete bat falta da San Bartolome jaiak hasteko, eta jaietako egitaraua aurkezteko agerraldia egin dute gaur Elgoibarko Udaleko ordezkariek, Maialen Gurrutxaga alkateak eta Andrea Arriola kultura zinegotziak. Eurekin batera Jon Peli Uriguen, Etxegina taldekoen ordezkari gisa, Udalak eurei eman baitie Txupinazoa botatzeko ohorea eta ardura. Pozik jaso dutela eskaintza azaldu du (ikus bideoan).
Baserritarren Egunarekin amaituko dira jaiak
Iaz moduan, bi asteburutan banatuta ospatuko ditugu jaiak, Abuztuaren 23tik 30era. Adinekoei eta umeei eskainitako egunarekin amaitu izan dira gehienetan jaiak, baina aurten Baserritarren Eguna izango da jaietako azkenekoa, abuztuaren 30ean, zapatua, eta Mauxitxa txarangaren kalejira izango da Udalak antolatutako azken ekitaldia. "Jubilatuek eurek eskatu ziguten euren eguna aurreratzeko, beti azken eguna izaten zela-eta eurena. Eskaera aintzat hartu eta abuztuaren 28ra aurreratu dugu umeentzako eta helduenentzako eguna" azaldu du Maialen Gurrutxagak.
70 jarduera baino gehiagoko egitaraua prestatu dutela azaldu du Andrea Arriolak, eta elkarlanean osatu dutela azpimarratu du. "Egitarauaren diseinuan hamabost elkartek eta zazpi gastronomia elkartek hartu dute parte".
- Abuztuak 23, zapatua: San Bartolome Bezpera Eguna
- Abuztuak 24, domeka: San Bartolome Eguna
- Abuztuak 25, astelena: Txiki Eguna
- Abuztuak 28, eguena: Jubilatuen eta Umeen Eguna
- Abuztuak 29, barikua: Gazte eta Nerabeen Eguna
- Abuztuak 30, zapatua: Baserritarren Eguna
Egitaraua QR kodearen bidez
Paperaren gastua murrizte aldera, jaietako egitaraua jasotzen duen liburuxka gutxi batzuk inprimatzea erabaki du Udalak, eta hortaz, ez dute orain arte moduan herritarren postontzietan banatuko. Halere, nahi duten herritarrek izango dute egitaraua formatu fisikoan eskuratzeko aukera, Herritarren Arretarako Zentroan, Aita Agirre Kulturgunean, Olaizaga kiroldegian edo Jubilatuen Biltokian. Egongo da, baina, egitaraua eskuratzeko beste modu bat ere. Urte askoan atera gabe egon eta gero, jaiak iragartzeko kartelak atera dituzte aurten (kartel lehiaketa irabazi zuen Irati Uzkudunen diseinua izango dute). Kartel horiek herriko hainbat gunetan ipiniko dituzte eta QR kode bat edukiko dute, mugikorren bitartez egitarua kontsultatu edo jaisteko.
Jai inklusiboak izateko neurriak
Herritar guztientzako jai inklusibo, seguru eta irisgarriak izateko hainbat neurri martxan jarriko dituztela aurreratu dute udal arduradunek. Hainbat jardueratan, lehen lerroa gurpil-aulkiak erabiltzen dituzten pertsonentzat gordeko dute. Gainera, 18:00etatik 20:00etara, ez da musikarik egongo barraketan, eta horri esker, entzumen-hipersentikortasuna duten pertsonek gune horretaz ere gozatu ahal izango dute.
Lekueder parkea buruhandirik gabeko gunea izango da, eta leku lasaia eskainiko die beldurra duten haurrei eta ingurune lasaiagoa behar duten pertsonei. Halaber, Txiki Egunean, Bolatoki parkea eta Mintxetako igerilekuak ardo-zipriztinik gabeko guneak izango dira, eta ardoarekin kontakturik ez izatea nahiago dutenek giro lasaiagoan gozatu ahal izango dute egunaz.
Informazio guneak eta Gaueko Taxi zerbitzua
Ildo beretik, Beldur Barik gune bat izango da abuztuaren 23, 29 eta 30ean, substantziei buruzko informazio eta testing gune bat abuztuaren 23an eta 30ean, eta alkoholimetria gune bat abuztuaren 23an eta 29an.
Gainera, laugarren urtez jarraian, gaueko taxi zerbitzua eskainiko du Udalak abuztuaren 23, 25, 29 eta 30ean, 01:00etatik 07:00etara. Doako zerbitzua izango da, eta udalerri barruko ibilbideak bakarrik eskainiko ditu Txarridunako biribilgunetik abiatuta.