Sara Etxeberria, Tximist Cup txapelketako jokalari onenen hamaikakoan

Barren 2025ko uzt. 22a, 15:00

Sara Etxeberria (eskuinetik laugarrena) U17 kategoriako txapelketako jokalari onenekin batera.

Munduko talderik onenen harrobiak lehiatu dira Tximist Cup emakumezkoen nazioarteko futbol txapelketan, eta torneoko jokalari onenekin osatu duten hamaikakorako hautatu dute Sara Etxeberria elgoibartarra. 

Tximist Cup txapelketaren bederatzigarren edizioa izan da aurtengoa. Ekainaren 14tik 22ra bitartean jokatu zuten Hondarribian eta Donostian, eta 2.500 jokalarik baino gehiagok hartu zuten parte, adin tarte desberdinetan. Juan Carlos Samaniego Tximist Realeko prestatzaile fisikoa zenaren omenez dauka duen izena txapelketak, Realeko jokalari ohi Aintzane Encinasek Tximisti eskatu baitzion laguntza neska gaztez osatutako areto futboleko txapelketa bat sortzeko ideia gauzatu nahia zebilenean. Handik gutxira zendu zen Tximist. Txapelketa martxan jartzea lortu zuten eta Tximist fundazioa ere sortu zuten, eta denbora gutxian sona handia lortu du txapelketak. Aurten ere Europako talde nabarmenetako batzuek parte hartu dute, tartean, Manchester City, Real Madril, Inter de Milan, Olympique de Lyon, Hammarby, RCD Espanyol, Real Sociedad edo FC Twente. Tximist Cup Txapelketak, gainera, goi mailako futbola uztartzen du berdintasunaren eta eraldaketa sozialaren aldeko apustuarekin.

Lehiari dagokionez, 17 urtez azpikoen kategorian lehiatu zen Sara Etxeberria, SD Eibar futbol taldearekin. Maila horretan Olympique Lyon taldea gailendu zen, bigarren urtez jarraian. Frantziarrek emozioz beteriko finala jokatu zuten Realaren aurka, eta penaltietan hobeak izan ostean lortu zuten titulua. Real Madrid sailkatu zen hirugarren postuan eta laugarren postua eskuratu zuen SD Eibar taldeak. 

U17 kategorian, jokalari onenaren saria Olympique Lyon taldeko Sabianna Jeunoti eman zioten eta bere taldekide Jénayé Lejoit izendatu zuten atezain onena. Sara Etxeberria (Elgoibar, 2010) bera baino bi urte zaharragoak diren jokalariekin lehiatu zen arren, txapelketako jokalari onenen hamaikakorako aukeratu zuten. Emakumezkoen futboleko profesionalek osatu zuten epaimahaia. Etxeberriak erdilari postuan jokatzen du eta hiru urte daramatza Eibarko taldean jokatzen.