Toletxegaineko pasabidea berritzeko lanak hasiko dituzte

Barren 2025eko uztailaren 21a

Trenbidea gainetik igarotzen duen pasabideko zorua berritzeko lanak hasiko dituzte gaur.

Elgoibarko Udaletik jakinarazi dutenez, gaur eta bihar gauean egingo dituzte zorua berritzeko lanak. Egurrezko xaflak egoera txarrean daudela-eta, kendu eta berriak jarriko dituzte. Egurrezkoak beharrean, plastiko birziklatuzkoak jarriko dituzte, aurrez Sigman edota Pilarreko zubian egin zuten moduan. Material seguruagoa izateaz gainera, iraupen handiagoa duela azaldu dute, eta "jasangarritasun-irizpideekin bat dator".

Berritze lanok trenaren katenariaren gainetik egingo direnez, gauez bakarrik egin daitezke, tentsioa eten beharra dagoelako. Obrak 23:00etan hasiko dira eta goizaldeko 5:30ak arte luzatuko dira.