Aurten Serbiako eta Senegaleko dantza taldeak gonbidatu dituzte, eta euren herrialdeetako dantzak ekarriko dituzte. Haritz dantza taldekoek, berriz, Euskal Herriko dantzak erakutsiko dituzte. 22:00etan hasiko da jaialdia.
KUD Branko Cvetkovic (Serbia)
KUD Branko Cvetkovic taldea 1945ean eratu zuten marinelek eta tren-langileek, eta gaur egun oraindik herrialdeko tren konpainiaren babespean dago taldea. Serbiako folklorea eta tradizioa zabaldu ditu munduan 70 urteko ibilbidean eta herrialdeko kultur talde ezagun eta prestijiotsuenetakoa da. Gaur egun 400 kide baino gehiago dira. Sortu zenetik, 7.000 emanalditik gora egin dituzte herrialde desberdinetako zazpi milioi ikusle baino gehiagoren aurrean.
Jammu Ballet (Senegal)
Ballet folkloriko hau Dakarren sortu zuten 2008an, As Ndiayek zuzenduta. Senegalgo etnia askotako musikari eta dantzari gazteek parte hartzen dute, eta dantza tradizionalak ez ezik, dantza garaikideko koreografiak ere dantzatzen dituzte. Mugimendu indartsuak eta akrobaziak uztartzen dituzte, Mbalax erritmoan. Erritmo hori Sabar danborrekin lortzen da, Wolof etniak mendeetan erabili izan dituen musika tresnekin. Afrikaren bihotzera eramango dute ikuslea, soinu, erritmo eta koloreen bitartez.
Haritz EDT
Haritz euskal dantzari taldekoek bi zatitan egingo dute dantzaldia. Lehen zatian, San Blaseko soka-dantza taularatuko dute, Iruñeko Duguna dantza taldeak 2013an moldatu zuena San Blas Egunean eta San Joan bezperan dantzatzeko. Bigarren zatian, berriz, Otsagabian egiten diren dantzak dantzatuko dituzte. Irailaren 8an, Muskildako Ama Birjinaren omenez ospatzen den festan eskaintzen dute Otsagabiako dantzariek beren urteko emanaldi nagusia. Bertan, Pasacalles, Jota, Modorro, Katxutxa, Pañuelo dantza, Emperador eta Dantza dantzatzen dituzte.
Haritzeko dantzariak, Portugaleteko emanaldian
Portugalete eta Euskal Herriko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren 50. edizioa izango da aurtengoa. Elai Alai Kultur Elkarteak 1972. urtean antolatu zuen estreinakoz, baina etenaldiak ere izan dira; testuinguru politikoagatik lehenengo urte haietan eta pandemiagatik azkenengotan, beraz, aurtengoa da 50. ekitaldia. Modu berezian ospatuko dute eta Haritz Euskal Dantzari Taldea ere gonbidatu dute ospakizunetara, eta dantza egitera. Dantzari elgoibartarrek Serbiako ‘Kud Branko Cvetkovic’, Senegalgo ‘Ballet Jammu’ eta Elai Alai taldeekin batera egingo dute dantza, uztailaren 21ean, Portugaleteko La Canilla pasealekuan egingo duten emanaldian (21:30).
Serbia, Palestina, Italia, Zeelanda Berria, Georgia, Kuba, Mexiko eta Euskal Herriko taldeak izango dira aurtengo Portugaleteko Folklore Jaialdian.