Atzo iritsi ziren ume sahararrak Euskal Herrira, 'Oporrak bakean' egitasmoaren barruan. 8:00etan lurratu zuen hegazkinak, eta Larrondoko frontoira eraman zituzten ondoren umeak. Han zeuden euskal familiak zain, urtebeteko itxaronaldiari amaiera emateko irrikaz. 213 etorri dira guztira. 57 ume aterpetxeetan egongo dira, eta gainerakoak, harrera familietan. Horietako bi, bi Elgoibarren izango ditugu, abuztu amaierara arte. Iera Larrañagak hirugarren urtez hartu du Abdu etxean, eta Gaizka Etxanizek eta Goreti Elortzak bigarren urtez hartu dute Yunes.
Saharako umeak beraien kanpalekutik irten eta oporrak bakean pasatzeko aukera izango dute beste behin ere egitasmo honi esker. Beharrezkoak dituzten osasun probak egingo dizkiete denbora horretan, eta elikadura hobetzeko ere baliatuko dute. Gainera, bizi diren desertutik urrunduko dituzte, 50 graduko beroa izaten baitute han.