Garraio publikoari buruzko mozioa sartu du EH Bilduk martitzeneko udalbatzaren bilkurarako

Barren 2025ko uzt. 18a, 10:17

Elgoibarrek daukan mugikortasun zerbitzua hobetzeko eskatu du EH Bilduk, eta uztailaren 22ko osoko bilkuran aurkeztuko du mozio bidez. 

Uda sasoian kostaldera eta hiriburuetara joateko garraio publikoa erabiltzen duten herritarren kopurua nabarmen handitzen dela diote, baina zerbitzua aurreko urteetako berbera dela salatu dute. Adibide modura azaldu dute Elgoibartik Debarako lehenengo tren berezia 12:02an irteten dela, eta goizeko trenak Bilbotik beteta iristen direla, eta itzuleran ere, tren guztiak beteta etortzen direla. 

Hiriburuekin ditugun tren eta zerbitzuen loturak ere murrizketa handiak izan dituztela adierazi dute. "Elgoibar eta Bilbo artean 16:30ak arte trenez ordu erdiro genuen zerbitzua 11:30ak arte bakarrik mantendu dute, hau da, bost zerbitzu murriztu dira, 12:30etik 16:30era bitartekoak. Donostia eta Elgoibar arteko autobus zerbitzu zehatz batzuetarako 2024an ezarritako errefortzu puntualak ere kendu egin dituzte".

Ildo beretik, Elgoibartik Durangora, Bilbora eta Gasteizera joateko autobus zerbitzurik gabe jarraitzen dugula ohartarazi dute, eta Soraluze eta Debagoienera joateko autobusek ordu jakin batzuetan baino ez dutela zerbitzua ematen. 

EH Bilduk gogora ekarri du 2023an Elgoibarko Udalak konpromiso batzuk sinatu zituela Eusko Trenbide Sarearekin (ETS), eta hainbat konpromiso hartu zituztela, besteak beste, Gipuzkoako kostaldeko tren zerbitzua hobetzea, autobus zerbitzua hobetzea eta egokitzea, eta horiek tren ordutegiekin koordinatzea eta autobus zerbitzu berriak ezartzea Elgoibartik Bilbora eta Gazteizera.

Azken bi urteotan lankidetza horren emaitzarik ez dutela ikusi diote, eta hori dela-eta, ondorengoa eskatuko dute mozioan:

  1. Elgoibarrek Gipuzkoako kostaldean duen errefortzu-zerbitzua handitzeko eta Zumaia-Donostia tren-zerbitzua Elgoibar-Donostia bihurtzeko.
  2. Lurraldebusi eskatzen dio Elgoibarrek autobusez Gipuzkoan dituen loturak hobetzeko eta trenaren ordutegiekin koordinatzeko.
  3. Autobus zerbitzu berriak ezar ditzala Elgoibartik Bilbora eta Gasteizera joateko, lehenik Eibarrera joan eta gero handik beste linea ezberdin bat hartu behar ez izateko.