Bosgarren greba eguna dute gaur Gipuzkoako adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan, ELA sindikatuak deituta. Ekainean hiru greba-egun izan zituzten, eta, akordiorik lortu ez denez, eguaztenean hasita, bihar arte, beste hiru greba-egun dituzte.
LAB sindikatuak, berriz, lanuzteak deitu ditu. Eskatu, baina, gauza bera eskatzen dute sindikatuek, “lan-hitzarmen duina” eskuratzeko pausoak ematea. LABetik helarazitako prentsa oharretan azpimarratzen dutenez, “orain arteko eredu pribatizatzaileak prekarietatera kondenatzen” ditu beharginak. ELAtik ere “prekarietatearekin amaitzeko” eskatzen dute, besteak beste, “izugarri hazi diren” lanaldi partzialeko kontratuak amaituz.
Gipuzkoako egoitzetarako "bestelako zaintza eredu” bat aldarrikatu dute, eta horretarako alor publikoan dabiltzan langileen lansarien parekoak eskatzen dituzte eta baita partzialtasuna amaitzea eta ratioak hobetzea ere. Hala adierazi dute LAB sindikatutik bidalitako prentsa oharrean, oro har, “lan hitzarmen duin bat” eskatzen dutela nabarmenduz.
Sindikatuek patronalak negoziazioetan erakutsitako jarrera ere kritikatu dute, "ezaxolazkoa" iruditu baitzaie. Horren aurrean, mobilizazioak eta borroka direla euren erantzuna adierazi dute.
Lan jardunaldi osoak
Salaketa eta aldarrikapen berak egiten ditu ELA sindikatuak, esanez, urtarrilean hasitako negoziazio bileretan patronalek ez dutela “sektorean dagoen prekaritatearekin amaituko duen inongo edukirik jarri mahai gainean”. Datutan, diote “azken urteetan “kontratuen partzialtasuna izugarri hazi” dela eta “langileen %40ak borondatezkoak ez diren kontratu partzialak” dituela. Gaineratu dute egoera horrek langileengan eragina izateaz aparte, egoiliarrei eskaintzen zaien arretaren kalitatea ere nabarmen "okertu” duela.
Hala, eskatzen duten hitzarmenean, “ELAk %100eko lan jardunaldia duten kontratuak eskatzen ditu langile guztientzat, soldata arrakalarekin amaitzea eta asteko 32 lanordu ezartzea ere bai”, besteak beste. ELA Donostian zein eskualde mailan ari da mobilizazioak egiten. Atzo Donostian egin zituzten eta gaur Arrasaten egingo dituzte.