Ekitaldian Elgoibarko lanbide heziketaren historian sakondu, gaur eguneko ekarpenak aztertu eta etorkizunerako ikuspegiak partekatu zituztela azaldu dute.
IMHko zuzendari orokor Ixaka Egurbidek jardunaldia aurkeztu onndoren, Joxean Egañak (IMHko kidea) eta Paulí Davilak (EHUko irakaslea) lanbide heziketaren historiaren errepasoa egin zuten, Elgoibarko kasua ardatz hartuta.
Horren ostean, belaunaldi desberdinetako kideez osatutako mahai-inguru bat egin zuten, non ikasle ohiek, irakasleek eta enpresa ordezkariek beren esperientziak partekatu zituzten. Jesus Mari Astigarragak moderatu zuen solasaldia eta honakoak izan ziren hizlariak: Jesus Maria Bilbao Aizpiri (Maherholding), José Mari Bastida Zabaleta (Meka-IMH), Alfredo Etxeberria Murua (Bidegi-Elgoibarko udala), Amaia Escudero Zabala (Deitel-ILS). "Bakoitzak beretik, Elgoibarko lanbide heziketak izan duen bilakaeraren inguruko esperientziak eta hausnarketak partekatu zituzten".
IMHko eta Mekako proiektu berritzaileak
Atsedenaldi bat egin eta gero, IMHko Joxean Egañak eta Imanol Iturriak eta Mekako Axun Larrañagak eta Agustin Agirrek bi ikastetxeek dituzten proiektu berritzaileen berri eman zuten, eta jarraian, Mikel Navarrok (Orkestra – Deusto Fundazioa) eta Nicolas Sagarzazu Eusko Jaurlaritzaren Lanbide Heziketako zuzendariak, lanbide heziketaren gaur egungo egoeraz eta etorkizuneko erronkez berba egin zuten.
Elgoibarko lanbide heziketaren orainaz, eta bizi duen egoera "oparoaz", Alaitz Bastidak eta Jose Mari Beristainek hitz egin zuten. Ixaka Egurbidek eman zion amaiera ekitaldiari. Eskerrak eman zizkien hizlariei, bertaratutakoei, 125. urteurrenaren batzorde antolatzaileari (Elgoibarko Udala, Makina Erremintaren Museoa, "Elgoibarko makina erremintaren historiazaleak" taldea, Meka eta IMH), eta urteurrena babesten ari diren enpresei: Besa, DanobatGroup, Geminis, Berkoa, Mancisidor, Ger Máquinas-Herramienta eta Laboral Kutxa.