Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialarekin hitzarmena sinatu du Elgoibarko Udalak

Barren 2025ko uzt. 9a, 13:27

Arazo soziosanitariak garaiz atzematea eta euren arteko koordinazioa sustatzea da Elgoibarko Udalak eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialak adostu duten hitzarmenaren helburua, sinatzaileek jakinarazi dutenez.

Azaldu dutenez, herriko farmazien eta Udal Gizarte Zerbitzuen arteko lankidetza formalizatzea da hitzarmenaren xedea, "elgoibartarren ongizatea hobetzeko eta egoera zaurgarriak garaiz detektatzeko".

Farmaziek, hitzarmen honen bidez, arrisku sozialeko egoerak atzematen badituzte gizarte zerbitzuekin harremanetan jartzeko aukera izango dute, kasu bakoitzak eskatzen dituen laguntzak aktibatu ahal izateko, "beti ere, pertsonak baimena ematen badu". Izan ere, hitzarmenak datu pertsonalen inguruko hitzarmena betetzen duela azpimarratu dute. Hitzarmenak, zehazki, honako hauek aipatzen ditu:

  • Bakardade egoerak
  • Mendekotasun egoerak
  • Familia zaintzaileen gainkarga eta amore-emate egoerak
  • Indarkeria matxista edo familia barruko indarkeria egoerak
  • Adineko pertsonei emandako tratu desegoki edo tratu txarren egoerak
  • Gizarte zerbitzuen sareak aztertzea eta esku hartzea eskatzen duten beste egoera batzuk