Antxon Alonso enpresari elgoibartarrak Espainiako Auzitegi Gorenean deklaratu du, Koldo auziaren harira

Barren 2025ko uzt. 7a, 14:06

Antxon Alonso Espainiako Auzitegi Gorenera ailegatu denean, deklaratzeko. Arg: EFE

Koldo auzian ikertuetako bat da Antxon Alonso enpresari elgoibartarra, eta aurrenekoz berba egin du gaur, Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Leopoldo Puenteren aurrean egin duen deklarazioan. 

Servinabar Nafarroako enpresako jabea da Antxon Alonso eta Guardia Zibilaren UCO atalak eginiko ikerketa jasotzen duten txostenetan agertu zen Servinabar enpresaren izena. Hain justu, Guardia Zibilak Alonsoren etxean egindako miaketan atzeman zuten kontratu baten inguruan deklaratzera deitu du Alonso Auzitegi Goreneko epaileak. 2016ko ekainaren 1eko data duen dokumentu horren arabera, Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohia Servinabar enpresaren %45aren jabe da. 

Auzitegi Gorenean egindako deklarazioan, bere defentsa-abokatuaren galderei bakarrik erantzun die Alonsok, ordubeteko iraupena eduki duen deklarazioan, eta Santos Cerdanek duela astebete epailearen aurrean emandako bertsioa berretsi du, hau da, buruzagi ohi sozialistak 2016an sinatu zuela dokumentu hori, politika uzteko asmoa omen zuelako, baina azkenean Cerdanek atzera egin eta akordioa bertan behera geratu zela. 

Alonsok zehaztu duenez, eraikuntza alorretik kanpo zegoen zerbitzu enpresa bat zen orduan Servinavar, eta Cerdanek politikan jarraitzea erabaki zuenean kontratua haustea erabaki zuten Cerdanek eta berak. Hala, Alonsok ukatu egin du Santos Cerdan Servinavar enpresako bazkidea zenik. Kontratu hark ez zuela inolako baliorik esan du epailearen aurrean, ez zelako publiko egin notario batena eramanda.

Ildo beretik, epaileak kartzelara bidali aurretik, Cerdanek aitortu zuen agiri hori sinatu izana, baina azpimarratuz ez zela eskritura publiko izatera iritsi eta ez zuela ordaindu enpresaren parte izateko.
Servinabar enpresak Accionarekin akordioa egin eta ABLE baten bidez Nafarroako zenbait eraikuntza kontratu lortu ditu azken urteotan, horietako garrantzitsuena Belateko tunelekoa; 80 milioi eurotik gorako kontratuak izan dira guztira. Alonsok epailearen aurrean ukatu du gaur, legez kontrako komisioak eman dituenik obra horiek lortzearen truke.

Bestalde, Alonsok aitortu du 4.500 euro eman zizkiola Jose Luis Abalos ministro ohiaren fundazioari. Arrazoi fiskalengatik egin zuela deklaratu du, beste zenbait erakundeekin egin zuen era berean, emakumezkoen futbol eta errubgi taldeak eta Save the Children Goobernuz Kanpoko Erakundea aipatu ditu Alonsok.