Duna Santosek eta Gari Narbaizak EuskarAbentura udalekuetan hartuko dute parte

Barren 2025ko eka. 27a, 10:05

Uztailaren 1ean abiatuko da EuskarAbenturaren zazpigarren edizioa Atharratzetik, eta uztailaren 31n amaituko da Getxon. 

Belaunaldi gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko helburua duen espedizioa da EuskarAbentura, eta euskara oinarri izango duten harreman berriak eraikitzen lagundu nahi die partaideei. 126 gaztek hartuko dute parte aurtengoan, eta horien artean bi elgoibartarrak dira: Duna Santos eta Gari Narbaiza.

Parte hartu nahi zuten gazteek hautagaitzak aurkeztu behar zituzten, eta horiek ebaluatu zituzten antolatzaileek. Hautagaiek aurkezpen bideo bat eta proiektu bat aurkeztu behar zituzten proposatzen zizkieten gaietatik bat aukeratuta: Beldurrak; Gizartea: indibidualista ala kolektibista? eta klima aldaketa. EuskarAbenturakoek jakinarazi dutenez, hautagaien jatorria, generoa, egindako lanaren balorazioa eta aurkezpen bideoa hartu dituzte kontuan 126 gazteak aukeratzeko.

Lau saio Primeran plataforman

Aurtengo berrikuntzen artean Primeran plataformak EuskarAbenturaren lau saio ekoitziko ditu, Debagoieneko Abao Komunikazio Agentziarekin elkarlanean. Lehen bi saioak uztailaren 10ean eta 24an emitituko dituzte, hain zuzen ere espedizioak Euskal Herria zeharkatzen duen bitartean. Hirugarrena abuztuan emango dute, eta irailean, berriz, laugarrena eta azkena. 

Aurreko urtean bezala Atharratzen hasiko da EuskarAbentura, eta guztira 27 herritan pasako dute gaua partaideek: Atharratze, Maule, Pagola, Larzabale, Donibane-Garazi, Auritz, Abaurregaina, Iruña, Añana, Argantzun, Gasteiz, Izarra, Elosu, Araia, Zerain, Tolosa, Lesaka, Urdazubi, Baiona, Urruña, Donostia, Zarautz, Lekeitio, Aulesti, Gernika, Bermeo, Bilbo eta Getxo. Abaurregaina izango da aurtengo espedizioan ezagutuko duten herri berria.

Parte hartzaileen jatorria

Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural askotariko gazteak dira ekimen honetan parte hartuko dutenak. Herrialdeka hauek dira kamiseta laranja soinean Euskal Herrian barrena ibiliko diren gazteen kopuruak: Bizkaiko 43 (%34,12), Gipuzkoako 26 (%20,63), Nafarroako 24 (%19,05), Arabako 13 (%10,32), Lapurdiko 13 (%10,32), Baxe Nafarroako 5 (%3,97) eta Zuberoako 2  (%1,59). Diasporako kideak ere izan dituzte aurreko edizioetan, baina ez aurtengoan. Ipar Euskal Herriko kideen parte hartze handiena du aurtengoak: 20 jzioquitar izango dira espedizioan. Taldearen gehiengoa emakumeak dira, zehazki 77 (% 61,1) eta, aldiz, gizonezkoak 49 (% 38,9). Gazteekin batera, 28 lagunek osatutako lan-taldea espedizioan izango da: bi koordinatzaile, hamabi xerpa (begirale), bi xerpa laguntzaile, bi xerpa buru, bi mediku, hiru erizain, bi gidari, argazkilari bat, kameralari bat eta komunikazio arduradun bat.