Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, Ertzaintza kasua ikertzen hasi da, zuhurtziagabekeria larriaren ondoriozko ustezko lesio-delitu bat egin duelakoan zerbitzariak. Ofizioz atestatua ireki dute, oraingoz ez baita salaketa formalik aurkeztu gertatutakoagatik. Kaltetutako 18 urteko mutilaren aitak, baina, publikoki salatu du gertakaria El Diario Vasco egunkariari egindako adierazpenetan. "Gure semeak muztio bat eskatu zuen, eta ateratakoa irentsi bezain laster, barrutik erretzen ari zitzaiola sentitzen hasi zen", azaldu du gaztearen aitak.
Mutila gaizki sentitu zen tragoa hartu eta gero eta zerbitzariari eman zion bere ondoezaren berri. EITBk jakinarazi duenez, establezimenduaren arduradunak, akatsaz ohartuta, berehala eraman zuen gaztea Mendaroko ospitalera, bere ibilgailuan. Ondoren, Mendarotik Donostia Unibertsitate Ospitaleko ZIUra eraman zuten gaztea.
"Asteazken arratsaldean medikuek esan ziguten ez zutela argi ikusten aterako zenik, eta okerrenaren beldur ginen, baina zorionez gure semeak ez du okerrera egin, eta uste dugu hori seinale ona izango dela", azaldu du gaztearen aitak.