Aukeratu dituzte umeen eta nerabeen egunetarako kamiseten diseinuak

Barren 2025ko eka. 25a, 13:46

San Bartolome jaietako Umeen eta Nerabeen Eguneko kamiseten diseinua aukeratzeko lehiaketa antolatu du Elgoibarko Udalak, eta aukeratu dituzte irabazleak.

Umeen Eguneko kamisetaren irudi irabazlea June Alonsok aurkeztutakoa da. Alonso Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikaslea da. Nerabeen Eguneko kamisetaren irudia, berriz, Lea Lazarobaster Herasek sortu du. Lazarobaster DBHko 3. mailako ikaslea da. 
Irabazleek aukeratuko dute euren diseinua ipiniko duten kamiseten kolorea.

Maiatzaren 28tik ekainaren 18ra aurkeztu behar ziren lanak Ume eta Nerabeen Eguneko kamisetarako irudi lehiaketara, eta Egur Arte Tailerreko ikasleek aukeratu zituzten sei finalistak. Lan horiek ikusgai egon dira joan den ostiraletik ekainaren 24ra arte Kultur Kafean, eta oraindik ere ikus daitezke Atxutxiamaikaren eta Elgoibarko Udalaren webguneetan.

Sanbartolomeetako Umeen Eguna abuztuaren 28an izango da, eta Nerabeen Eguna, berriz, abuztuaren 29an.