Podcast bat sortzen ikasteko ikastaroa antolatu du Atxutxiamaikak nerabeentzat

Barren 2025ko eka. 23a, 17:19

Podcast bat sortzeko prozesu osoa erakutsiko dute Podcast ikastaroan: grabatzen, editatzen eta istorioak modu erakargarrian kontatzen.

Atxutxiamaikatik azaldu dutenez, DBHko ikasleen artean ahozkotasuna sustatzeko sortu dute Podcast ikastaroa, Danobat kooperatibaren babesari esker. Nerabeentzako euskarazko ikus-entzunezko edukiak sortzea ere bada euren asmo eta helburuetako bat, horien aukera ugariagoa izan dadin euskara arrain txikia den itsasoan. 

"DBHko ikaslea zara, eta zure ahotsa entzunarazi nahi duzu? hauxe duzu aukera zure podcasta nola sortu ikasteko, banaka zein taldeka", azaldu dute Atxutxiamaikako arduradunek. Doakoa izango da, eta urritik abendura egingo dute ikastaroa. Astean behin izango dira klaseak, 14:30etik 16:00etara, ordutegi eta egutegi zehatza izena ematen duten parte hartzaileekin adostuko duten arren. 

Streaming bidez deskargatu edo entzun daitezkeen audio-atalak dira podcastak. “iPod” eta “broadcasting” hitzen arteko konbinazioa da podcast ingelezesko hitza. Lehenengoa Appleren iPod mp3 irakurgailu eramangarri famatuaren izenetik dator, era horretako irakurgailuetan entzuten hasi baitziren irratsaio horiek. Aldiz, Broadcasting hitzak soinu edo bideo hedapena adierazi nahi du. Ikus-entzunezko edukiak kontsumitzeko modua irauli zuen podkastingak, eta hazkunde handia izan du azken urteetan, entzulearentzat esperientzia pertsonalizatua eskaintzen duen komunikabidea bihurtu baita.