Urtarrilean ekin zioten lan-prozesuari eta, denera, 10 lan-bilera egin dituzte. Lehen fase honetan 105 lagunek parte hartu dute, eta parte-hartzaileen artean ezaugarri bat azpimarratu dute: aniztasuna. "Aniztasuna jendearen adinari, generoari, jatorriari edo lanbideei dagokionez, eta aniztasuna, baita ere, euskaltasunari dagokionez", adierazi dute. Euskaltzaleek parte hartu dute, euskaratik urruti dagoen jendeak ere bai, eta baita euskaraz ez dakien jendeak ere. Izan ere, lan-prozesura Elgoibarko gizartean dagoen aniztasuna eraman nahi izan dute.
Herri euskaldunagoa izateko bete behar diren baldintzak aztertu eta erabaki
Batera Elgoibarren herri-ekimenaren helburu da hamar urte barru Elgoibar herri euskaldunagoa izateko bete behar diren baldintzak aztertu eta erabakitzea. Zer baldintza bete behar dira gure herrian Elgoibarren, 10 urte barru gure herrian euskara gehiago egin eta entzun dadin? Galdera horri erantzuteko da Batera Elgoibarren prozesua, eta, behin-behinean bada ere, baldintzak erabakita dituztela aurreratu dute. Zortzi izan dira lan-prozesuan parte hartu duten herritarrek onartu dituzten baldintzak.
Herri-ekimenaren bigarren fasea irailean hasiko dute. Irailetik abendura artekoa izango da eta helburua lehen fasean onartu dituzten baldintzak herritarrei azaltzea izango da. "Baldintzak azaldu, iritzi-ekarpenak jaso eta herri-ekimenera jende gehiago biltzea da helburua. Horretarako, Elgoibarko entitateekin egongo gara haien iritzi-ekarpenak jaso eta prozesuan parte hartzeko gonbita egiteko, eta herritarrekin ere beste horrenbeste egingo dugu".
Batera Elgoibarren Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak proposatu eta gidatu duen lan-prozesua da, eta Elgoibarko Udala eta Elgoibarko Izarrak hartu dute Elgoibarren dinamizatzeko ardura. Biek ere oso argi daukate jendearekin eta jendearentzat egin behar dutela, eta horretan saiatuko dira hurrengo aste eta hilabeteetan.