Helburua Elgoibarrek eskaintzen dituen baliabideak eta zerbitzuak lehen eskutik ezagutzea izan da, herriko eguneroko bizitzan parte hartzea errazteko. Elgoibarko Izarraren kasuan, euskarara gerturatzeko ateak zabalik dituztela azaldu zieten arduradunek.
Udaletxeko pleno aretoan hasi zuten bisita, Maialen Gurrutxaga alkatearekin eta ongizate arloko zinegotziarekin (beheko irudian). Gero, Ludoteka, Aita Agirre eraikina, euskaltegia, Elgoibarko Izarra, Kultur Etxea eta azkenik Herriko Antzokia bisitatu zituzten.
Alfabetatze eta ahalduntze taldeek ibilbide luzea dute herrian. Aurten, urtarriletik ekainera, hiru talde sortu dira. Guztira, 35 emakumek parte hartu dute alfabetatze eta ahalduntze programan.
Sustatzaileek azaldu dutenez, emakume heldu berriak udal sarean eta herriko bizitzan integratzeko bidea erraztea da ekimen honen helburua, eta, aldi berean, euren parte-hartzea eta autonomia sustatzea. Ildo beretik, Sendotu programarako 2025. urterako onartu duten dirulaguntza bati esker, -Elgoibarko Udalak ere finantzatu duena-, Zabaltzen Sartu Koop Elk-ak Alfabetatze eta ahalduntze programa gauzatu du. Emakumeen beharrei eta nahiei erantzuteko espazio bat, babesgune bat, eraikitzea da honen xedea, hizkuntza gaitasunaren lanketa du oinarri, eta kultur aniztasuna eta genero perspektiba barneratuta.