Irisgarritasun planari buruzko tailerra antolatu du Elgoibarko Udalak eguenerako

Barren 2025ko eka. 18a, 10:46

Elgoibarko Udala Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integrala (PIAU) eguneratzen ari da, herri-inguruneko, garraio publikoko eta eraikin publikoetako irisgarritasun-baldintzak hobetzeko asmoarekin.

Egungo PIAU plana 2018koa dela gogora ekarri dute Udaletik, eta egiten diharduten berrikuspen-prozesuaren barruan, herritarrek parte hartzeko tailerra antolatu dute ekainaren 19rako (eguena). Kalebarren plazako Kultur Etxeko hitzaldi gelan izango da, 18:00etan. Tailerra irekia da eta interesa duen edozeinek har dezake parte.

Prozesuaren lehen fasean herritarren iritziak jaso zituzten, galdetegi baten bitartez. Orain, jasotako ekarpenak partekatuko dituzte eta ondorio nagusiak parte-hartzaileekin kontrastatu.

Tailer honek hurrengo zortzi urteetarako lehentasunak definitzen lagunduko duela azaldu dute. "PIAU berriak irisgarritasuna ikuspegi integratutik aztertuko du: ez soilik espazio fisikoetan, baita informazio- eta komunikazio-kanaletan ere, Elgoibarko Udalaren mendeko zerbitzu eta arlo guztietan", adierazi dute.