Errepideko Espainiako Paralinpiarren Kopako azken proba irabazi du Unai Zabalok Valentzian

Barren 2025ko eka. 17a, 14:43

Sei proba eduki ditu Errepideko Espainiako Paralinpiarren Kopak eta Vilamarxant herrian (Valentzia, Herrialde Katalanak) jokatu zuten azkena, asteburuan.

Goizean goizetik, handbikeak, trizikloak, bizikletak eta tandemak irten ziren 2,4 kilometroko hiri-zirkuitu tekniko batean lehiatzera, Espainiako Koparako azken puntuak jokoan baitzeuden. Unai Zabalo Murillo C4 kategorian lehiatu zen Paraciclismo Galicia taldearekin eta garaipena eskuratu zuen. Bero handia eduki zutela bizikletan ibiltzeko azaldu du Zabalok, 36 gradu, eta gainera hezetasun handiarekin. "Beroak eta hezetasunak asko gogortu zuten proba eta hasieran kosta egin zitzaidan baldintza horietara moldatzea, baina zirkuituari eman beharreko laugarren bueltarako hobeto sentitu nintzen eta nirea ez zen beste kategoria bateko taldeko bat harrapatu nuen, eta neu bakarrik gelditu nintzen nire kategoriakoen artean. Horiekiko aldea egin nuen lasterketa erdirako eta nire taldekide bati laguntzeko aukera izan nuen, aurretik zituen bere kategoriako txirrindularien tropeltxoaren pareraino irits zedin". Zabalok lehen postuan gurutzatu zuen helmuga bere kategoriakoen artean eta podiumaren gorenera igo zen. 

Espainiako Kopako sailkapen nagusian hirugarren postua eskuratu du Unai Zabalok, seitik lau lasterketa jokatuta. Halere, bigarren sailkatuarengandik 9 puntura geratu da.