Enpresen Administrazio kudeaketa arlokoa izango da ziklo berria, eta gaitasun praktikoak eskuratzeko aukera emango die ikasleei, enpresa munduarekin lotutako lanbideetan. Sustatzaileen berbetan, ziklo berri honen helburua da gazteei formazio "egokitua" eta "gertukoa" eskaintzea, beren ikasketa-prozesua errazteko eta lan-mundurako prestatzeko.
Hiru urteko zikloa
Nuala elkarteak Elgoibarko Udalari eginiko eskaera batetik jaio da hezkuntza eskaintza berria. Gero, Meka Lanbide Eskolak eta Eusko Jaurlaritzak gauzatu dute zikloa. Hurrengo ikasturtean jarriko dute martxan. Bi ikasturtetan beharrean hirutan egingo dutela da berrikuntzetako bat, eta ikasleek astean 20 orduko eskola-saioak izango dituzte. Hamabost plaza eskainiko dituzte. Matrikula-epea uztailaren 24ra arte izango da, eta interesdunek informazio gehiago eskatu edo izen-ematea hasi dezakete honako hjelbidera mezua bidalita: bulegoa@meka.eus
Elkarlanaren emaitza
Debabarrenean aniztasun funtzionala duten pertsonei hezkuntza munduko ateak zabaltzea aspaldi atzeman zuten behar bat dela adierazi du Nualako kidea den Miriam Aldazabalek, eta eskaintza berri hau behar horri "erantzun zuzena" ematera datorrela dio. Mekako zuzendari Jose Mari Beristainen esanetan, orain arteko hezkuntza eskaintzan ikasteko aukerarik izan ez duten kolektibo desberdinetako ikasleei ikasketa eta bizitza proiektu bat edukitzeko aukera ematea da ziklo berriaren helburu nagusietako bat.
Proiektu hau gauzatzeko Udalak Nuala elkartearekin duen harremana eta "urteetako elkarlana" funtsezkoak izan direla gogora ekarri du Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak. "Elkarlan horrek herria hobetzen laguntzen digu eta pozik gaude bide horretan jarraitzen dugulako. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiogu Meka Lanbide Eskolari eta Eusko Jaurlaritzari erakutsitako prestutasunagatik". Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzako Ikaskuntza Berezien zuzendaria den Isabel Mendiguren Lacak ere hartu du parte ziklo egokitu berria aurkezteko ekitaldian. Hasierako Lanbide Heziketak aukera "inklusiboagoa" eta "malguagoa" izateko bokazioa duela azaldu du, pertsonek euren bizitza proiektua eta proiektu profesionala aurrera eramateko aukera izan dezaten. Hezkuntza-aukera berria martxan jartzea guztien artean lortu dutela azpimarratu dute, "elkarlanean".
Sustatzaileetako batzuen adierazpenak jaso ditu Udalak, honako bideoan: