Akuatloiak inauguratu du aire libreko bainu denboraldia

Barren 2025ko eka. 17a, 13:08

Elgoibar Igeriketa Taldeko kideek balorazio "oso positiboa" egin dute zapatuan estreinakoz Mintxetan jokatu zuten Akuatloiaz.

Mintxetako aire libreko igerilekuak zabaldu zituzten zapatuan, igerilekuetara joateko moduko eguraldirik egin ez arren. Eguraldia, baina, ez zen oztopo izan Elgoibarko bigarren Akuatloian parte hartu zuten lagunentzat. Gainera, eguerdira arte ateri eutsi zion. Igeriketako eta saltakako probak uztartzen dituen kirol proba berezia da Akuatloia. Iaz egin zutren aurrenezkoz Olaizagan, eta Mintxetan egin dute bigarrengoa. 

Goizeko lehen ordutik giro bizia sortu zen Mintxetan, eta 09:30erako lehen parte-hartzaileak gerturatzen hasi ziren, dortsal banaketa eta parte hartzaileren txandak zehaztu baitzituzten lehendabizi.
10:15ean abiatu zen lehenengo proba, A kategoriakoa, 2016an jaiotako parte-hartzaileekin. Ondoren, 2015. eta 2014. urteetan jaiotako gazteek osatu zuten kategoria bera. Partaideek igerian egin zuten lehenik, saltaka gero atletismo pistan, eta berriro igerian eginez osatu behar zuten Akuatloia, adinaren arabera zehaztutako ibilbideetan. B kategorian 2012 eta 2013an jaiotako neska-mutilek hartu zuten parte eta C kategorian, 2011, 2010 eta 2009an jaiotakoek.

Antolatzaileek azaldu dutenez, exijentzia handiko proba izan arren, eta hasieran "urduritasuna eta tentsioa" nabariak baziren ere, parte-hartzaileek "gogotsu eta ausardiaz" egin zioten aurre erronkari.
"Giro ederra sortu zen eta Elgoibar Igeriketa Taldeko kideok balorazio oso positiboa egin dugu. Taldearentzat erronka berria izan arren, pozik gaude emaitzekin, eta horrek hurrengo edizioetan lanean jarraitzeko indarra ematen digu", adierazi dute. Kirol modalitate hau sustraitzea eta urtero antolatzea da euren nahia.

Parte hartzaile guztiei eskerrak eman dizkiete eta baita antolakuntzan lanean jardun duten lagun guztiei ere, "guraso boluntarioak, Elgoibarko Udala, epaile lanetan jardun zuen Josean Agirre, eta bereziki, Seber Uribe entrenatzaile eta antolaketan lanean aritu zenari. Esker berezia bat eman nahi diegu Azkoitiko Zubiaurre Igeri Elkartetik etorri zen neska taldeari ere, ekitaldiari euren ukitua eman ziotelako".

Argazkiak: Joserra Cabrera