Iñigo Oñederrak jaso du ikasle ohi aipagarrienaren saria IMH Sarietan

Barren 2025ko eka. 16a, 19:17

IMH Sariak eta lanbide heziketako diplomak banatzeko ekitaldia egin zuten ekainaren 12an, eta urtero moduan, makina bat laguni egin zieten aitortza.

Zazpi sari banatu zituzten 2025eko IMH Sarietan. Hona hemen irabazleak eta saria jasotzeko egin dituzten merituak.

Ikasle ohi aipagarria: Iñigo Oñederra 

IMHtik jakinarazi dutenez, ibilbide profesional eredugarria izateagatik saritu dute Iñigo Oñederra Mujika (Elgoibar, 1986). Ikasle Ohi Aipagarriaren Saria jaso du. Sari emaleek zehaztu dutenez, lanaren esfortzua, dedikazioa eta barne promozioa bereiztu dituzte aurtengoan.

Oñederra Beristain Mekanizatuak enpresako gerentea da egun. 2004an erdi mailako Mantentze zikloa hasi zuen arren, utzi egin zituen ikasketak. Hurrengo urtean erdi mailako Mekanizazio zikloari ekin zion. Ikasketa horiek gogoko zituenez, lehen ikasturtean bere kabuz topatu zuen laneko praktikak non egin, eta Beristain Mekanizatuak enpresan eman zioten aukera hori. Bigarren mailako praktika ofizialak ere enpresa berean egin zituen. Ikasketak amaitzean, enpresak jarraitzea proposatu zion eta eskaintza onartu zuen. 2006tik aurrera, "erabat integratu eta inplikatu" da enpresan teknikari moduan, eta "erakutsi duen dedikazioarekin kudeaketarako gaitasunak garatu eta bereganatu ditu". Hala, 2021ean enpresak zuzendaritza kargua hartzea proposatu zion eta ordudanik zuzendari lanetan dihardu. Beristain Mekanizatuak makina erreminten bidez mekanizazio lanak eta metalaren eraldaketan diharduen Elgoibarko enpresa txiki bat da. Makina erreminta fabrikatzaile eta erabiltzaileentzat egiten du lan, plano-eskaripean. Saria jaso ostean, Oñederrak lan egiteko eta jarrera ona izateko aholkatu zien ikasketak amaitu berri dituzten ikasleei.

Iñigo Oñederra familiarekin.

Ikasle aipagarria, espezializazioan

Aranzazu Zugasti Jiménez amorebieta-etxanoarra izan da aurtengo lanbide heziketako espezializazioko ikasle aipagarria. IMHn espezializazioa egin aurretik Bilbon ikasi zuen Proiektu Mekanikoen Garapeneko goi mailako lanbide heziketa (diseinua). IMH Campusen Fabrikazio Aditiboko espezializazioaren duala (enpresa egonaldia)egin du ITP-n. Diploma eta 300 euroko Txankakua merkatararitza elkarteko bonoak jaso ditu opari.

Ikasle aipagarria, goi mailan

Unai Etxebarria Urrutia ondarrutara izan da aurtengo Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasle aipagarria. Mekatronika Industriala ikasi du, duala Danobat kooperatiban egin du eta bertan jarraituko du lanean. Diploma eta 300 euroko Txankakua merkatararitza elkarteko bonoak jaso ditu opari.

Ikasle aipagarria, erdi mailan

Erdi Mailako heziketa zikloen aldetik, Ander Pita Rodríguez elgoibartarra izan da aurtengo ikasle aipagarria. Era berean, Ikasle Elgoibartar Aipagarrienaren saria ere berak jaso zuen. Pitak mekanizazioa ikasi du, duala Perihortz enpresan egin du eta goi-mailako zikloa ikasten jarraitzeko asmoa du.

Enpresako jarraipen koaderno aipagarria

Lantokiko prestakuntza edo eredu dualean ikasleak enpresan garatzen duten jarduerari buruz egindako deskribapen-txosten onena ere saritzen dute IMH Sarietan, eta Sonia Herrero Robles mendaroarrak jaso du aitortza. Herrerok erdi mailako Mekanizazioa ikasi du, Elgoibarko Doimak enpresan lan eginez, eta datorren urtean goi mailako Fabrikazio Mekanikoko Programazioaren Produkzioa ikasiko du. Diploma eta 100 euroko Txankakua merkatararitza elkarteko bonoa jaso du saritzat.

Balioen saria

Korta enpresak babestutako Talde-lanaren balioaren saria ere banatu zuten, talde-lan aipagarriena gauzatu duten ikasle-taldeei aitortza egiteko. EuskoSkills lehiaketan parte hartu duten ikaslei eman diete saria. "Urtean zehar izan duten inplikazio, konpromiso, ahalegin, erresilientzia eta tutorearekin elkarlanean helburu komuna lortzeko garatutako konpromisoagatik". Saritu bakoitzak 150 euroko balioa duen opari poltsa jaso zuen. Honako bi ikasleak izan dira sarituak

  • Jara Rico Morales, mendaroarra, goi mailako Fabrikazio Mekanikoko Programazioaren Produkzioko ikaslea. Duala FOCS-en egin du eta hurrengo urtean Fabrikazio espezializazio duala egiten jarraituko du.
  • Nicole Tinoco García, zaldibardarra, goi mailako Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko ikaslea. Duala HRE Hidraulic-en egin du eta hurrengo urtean ingeniaritza ikasketak egingo ditu.

IMHk bideo batean laburtu du sari banaketa ekitaldia eta sarituetako batzuen adierazpenak ere jaso ditu: