Elhuyar Zientzia Azokan saritu dituzte Othman Achahboun eta Andoni Pato ikasle elgoibartarrak

Barren 2025ko eka. 13a, 14:34

Othman Achahboun Akoudad eta Andoni Pato Sierra gazte elgoibartarrek hirugarren saria eskuratu dute Elhuyar Zientzia Azokan.

Elhuyar Zientzia Azokak 640 gazte bildu zituen aurten Bilboko Areatzan (ikus azoka argazkietan). Elgoibarko bi ikasleek “Lyme gaitza saihesten laguntzen duen aplikazioa” izeneko proiektua aurkeztu zuten azokara, eta hirugarren saria jaso zuten, DBH 1. eta 2. mailako ikasleek aurkeztutako lanen artean. 

Elgoibarko Bizilabe egitasmotik jakitera eman dutenez, Achahbounek eta Patok teknologia eta zientzia uztartu dituzte euren proiektuan, eguneroko arazoei irtenbide praktikoak emateko, eta horregatik saritu ditu ebaluatzaile-taldeak. Aplikazio bat diseinatu dute, erabiltzaileei larruazalean detektatutako akainak identifikatzeko, eta Lyme gaitzaren arriskuez ohartarazteko.
Sariari esker, euren proiektua estatuko beste azoketan erakutsi ahal izango dute, Galiciencia azokan, hain zuzen ere. Eusko Jaurlaritzako Zientzia politikako zuzendari Amaia Esquisabel Alegriaren eskutik jaso zuten saria. Othman-ek jaso du bien izenean. 

Sarituak izan ziren taldeek aukera izango dute beren proiektuak Euskal Herritik kanpo aurkezteko, beste zientzia azoketan parte hartuz eta esperientzia berriak biziz.

Udalaren zorionak eta oparia

Elgoibarko Udalak zoriondu egin ditu saritutako bi gazteak eta opari bat ere egin die, "egindako lan bikainagatik eta zientziarekiko erakutsitako interesagatik". Mintxeta eta Olaizaga kiroldegietako instalazioak erabiltzeko udako bonu familiarra jaso dute saritzat. 

Othman Achahboun Elhuyar Zientzia Azokan, Andoni Patorekin batera garatutako proiektua erakusten.