Ekainaren 13ra arte egongo da Xerka argazki erakusketa ikusteko aukera

Barren 2025ko eka. 12a, 15:41

Euskal Herriko landa-eremuko bost pertsona queerren bizipenak, hausnarketak eta sentsazioak biltzen ditu Xerka fotokazetaritza proiektuak, eta LGTBI komunitateak herrietan bizi duen erbesteratze prozesu isila lantzen du. 

Martxel Larraza eta Joseba Olagarai kazetariek Xerka hitzaldia eman zuten domekan, Aita Agirre kulturgunean. Hitzaldian, hainbat lurralde, jatorri eta adinetako bost pertsona disidenteren nortasunak eta bizi-esperientziak ezagutarazi zituzten. Ekimenak, hain zuzen, mezu positibo bat transmititzea dauka helburutzat: euskal landa-eremuan posible dela queer izatea eta herrian bizitzea, euskaraz. Izan ere, sexilioa deitzen zaio sexu-orientazioa edo genero-identitatea dela-eta jasandako zapalkuntzarengatik euren familia eta gizarte-ingurunetik hiriguneetara ihes egiten duten LGTBI pertsonen migrazio behartuari.

Elgoibartarren testigantzat

Domekan eman zuten hitzaldia berezia eta "oso polita" izan zela baloratu dute Larrazak eta Olagaraik. "Jende dexente elkartu zen eta hainbat ikusentzulek parte hartu zuten euren esperientziak kontatuz eta ekarpen interesgarriak eginez. Atentzioa eman zigun 80 urte inguruko emakume bat hitzaldira joan zela eta nola kontatu zuen bere garaian sexu-orientazioagatik Elgoibartik kanpora joandako emakume batzuk ezagutzen dituela eta asko hunkitu zela gure hitzaldiko hitzak eta hausnarketak entzunda, betidanik itzalpean egondako zerbait argitara eraman genuela sentitu zuelako", azaldu dute. 

Uste dute Elgoibarko LGTBIQ+ jende asko identifikatuta sentitu zela hitzaldian aurkeztu zituzten bost pertsona queerren testigantzekin eta, modu batean edo bestean, Elgoibarren ere "sexilioa beti egon dela eta oraindik badagoela" adierazi zieten; alegia, sexu-orientazio edo genero-identitatea dela-eta jasandako zapalkuntzarengatik Elgoibartik hiriguneetara ihes egin duten jendea izan badagoela oraindik.

Hitzaldiaren ostean, hainbat pertsonarekin berba egiteko aukera izan zuten eta galdera asko sorrarazi zizkietela aitortu zieten entzule horietako batek baino gehiagok, "bai guraso bezala, baita irakasle modura ere. Hainbat irakasle izan ziren hitzaldian eta gaur egun ikastetxeetan haurrekin genero eta identitate kontuak lantzen zeregin handia dagoela esan ziguten eta gure hitzaldiak lanketa horretarako pista asko eman zizkigutela esan ziguten. Guretzat ederra izan zen hori".

Aita Agirre Kulturgunea lehen aldiz ezagutu zutela azaldu dute Xerka egitasmoko sustatzaileek, eta espazio ezinhobea iruditu zaie euren hitzaldirako. Argazki erakusketa Kultur Kafean dago egunotan ikusgai, barikura arte, ekainak 13. Bertara joan eta argazkiak ikustera gonbidatu dituzte herritarrak.

Argazkiak: BARREN eta Jaione Fraile.