Hausnarketa, elkarrizketa eta lankidetza uztartu ditu Lanbide Heziketaren 125. urteurrenaren harira antolatutako ekitaldiak

Barren 2025ko eka. 10a, 14:22

Elgoibarko Lanbide Heziketaren 125. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldi bat gehiago egin zuten aurreko barikuan, udaletxean.

Udalak prentsa ohar bidez eman du ekitaldiaren berri. Jakinarazi dutenez, Maialen Gurrutxagak egin zien ongi-etorria parte hartzaileei eta instituzioen, enpresen eta herritarren arteko elkarrizketa-guneak sortzearen garrantzia azpimarratu zuen Elgoibarko alkateak ekitaldiaren hasieran.

Ondoren, hitzaldia eman zuen Juanjo Alvarez (Zumaia, 1964) abokatuak. EHUko nazioarteko zuzenbide pribatuan katedraduna da Alvarez, eta Globernanceko (Gobernantza Demokratikoaren Insitutua) idazkaria ere bada. Geopolitika eta ekonomia izan zituen hizpide gaur egungo "ziurgabetasun global sakonaren" testuinguruan. Ohartarazi zuen Donald Trump bezalako eragile nagusien erabakiek Europan ere ondorio garrantzitsuak izan ditzakela. Horregatik, Europak bere papera eta barne-kohesioa "indartu" behar dituela uste du, "mundu gero eta polarizatuago eta lehiakorrago honetan atzean ez geratzeko". Testuinguru horretan, enpresen, hezkuntza-zentroen eta instituzioen arteko lankidetza inoiz baino beharrezkoagoa dela adierazi zuen. 

Alvarezen solasaldiaren ostean, hezkuntza eta enpresa munduko lagunez osatutako partaideak taldeka banatu ziren eta hainbat gai jorratu zituzten, besteak beste, talentua nola atxiki, konpromisoa eta motibazioa, lan-errutina handia edo kultura-aniztasuna. Talde bakoitzean irten ziren ideia nagusiak batu zituen Juanjo Alvarezek, eta denen aurrean azaldu zituen gero.

*Argazkiak: Elgoibarko Udala.